Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 1:4-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Hara zer ikusi nuen: Haize-erauntsia zetorren iparraldetik: hodei handi bat tximistek zeharkatua eta argitasun biziz inguratua; erdian metal goriak duen bezalako distira.

5. Hodeiaren erdian lau izaki bizidun zeuden, gizaki-itxurakoak.

6. Launa aurpegi eta launa hego zituzten;

7. zangoak zuzenak, eta oin-zolak zekorren apatxarenak bezalakoak, brontze leundua bezain distiratsu;

8. hegalpean giza besoak zituzten lau aldeetan, baita aurpegiak eta hegoak ere;

9. hegoek elkar ukitzen zuten. Ibiltzerakoan zuzen zihoazen aurrera, inoiz itzuli gabe.

10. Haien aurpegiek giza aurpegiaren antza zuten aurretik; lehoi-aurpegiarena eskuinetik, zezen-aurpegiarena ezkerretik eta, azkenik, arrano-aurpegiarena.

11. Bi hego gorantz luzaturik zituzten elkar ukituz, eta beste bi gorputza estaliz.

12. Aurrera ibiltzen ziren zuzen, Jainkoaren espirituak nahi zuen alderantz, inoiz itzuli gabe.

13. Izaki bizidun haien artean ikatz gorien antzekoak zeuden, joan-etorrian zebiltzanak zuziak bezala; suak distira egiten zuen eta sutatik tximistak irteten.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 1