Itun Zaharra

Itun Berria

Ester 3:10-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. Orduan, erregeak eraztuna bere behatzetik atera eta juduen etsai zen Hamani, Hamedataren seme eta Agagen jatorrikoari, eman zion,

11. esanez:—Zilarra zuretzat. Herri horri buruz, egizu nahi duzuna.

12. Lehen hilaren hamahiruan erregearen idazkariei dei egin eta Hamanek agindu bezala idatzi zituzten gutunak, eta erregeorde guztiei, eskualdeetako gobernariei eta herri guztietako buruzagiei igorri zizkieten, nori bere eskualdeko idazkeran eta herriko hizkeran. Asuero erregearen izenean zeuden idatziak eta erregearen eraztunaz zigilatuak.

13. Mezularien bidez bidali zituzten gutunak erreinuko eskualde guztietara. Agindu hau zeramaten: hondatu, hil eta suntsiaraz zitzatela judu guztiak, gazte nahiz zahar, haur nahiz emakume, eta ostu zitzatela haien ondasunak, dena egun berean, hamabigarren hilaren, Adar hilaren, hamahiruan.

14. Gutun honetan esana, legetzat eman behar zen eskualde guztietan, eta herri guztiei adierazi, esaniko egunerako prest egon zitezen.

15. Erregearen agindua harturik, bizkor abiatu ziren mezulariak. Susa hirian ere aldarrikatu zen agindu hori. Erregea eta Haman edatera eseri ziren; bitartean, Susa hiria izu-ikaratua zegoen.

Irakurri kapitulu osoa Ester 3