Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10

Itun Zaharra

Itun Berria

Ester 3 Elizen Arteko Biblia (EAB)

HAMANEK JUDUAK SUNTSIARAZI NAHI (3,1-15)

1. Ondoren, Haman, Hamedataren seme eta Agag-en jatorrikoa, goi-mailara jaso zuen Asuero erregeak, berekin zituen buruzagi guztien gain goratu eta eseraraziz.

2. Erregearen jauregiko funtzionario guztiak belaunikatzen eta ahuspezten ziren Hamanen aitzinean, erregeak horrela baitzuen agindua. Mardokeo, aldiz, ez zen belaunikatzen, ez ahuspezten.

3. Jauregiko funtzionarioek honela ziotsoten Mardokeori:—Zergatik ez duzu betetzen erregearen agindua?

4. Egunero esaten zioten arren, ez zien jaramonik egiten. Bera judua zela jakinarazi zien Mardokeok. Orduan, Hamani adierazi zioten hori, Mardokeok bere jokabideari eusten ote zion ikusteko.

5. Ikusi zuen Hamanek ez zitzaiola Mardokeo belaunikatzen, ez ahuspezten, eta biziki haserretu zen.

6. Mardokeo zein herritakoa zen adierazi ziotenean, eskua berari bakarrik eranstea gutxi zelakoan, Asueroren erresuman ziren judu guztiak ere galdu egin nahi izan zituen, harekin batera.

7. Asueroren erregealdiaren hamabigarren urteko lehen hilean, hots, Nisan hilean, «pur» edo zotz eginarazi zuen Hamanek, bere asmoak betetzeko egunik eta hilabeterik egokiena zein izango ote zen jakiteko. Hamabigarren hilaren, Adar hilaren, hamahirugarren eguna atera zen.

8. Honela mintzatu zitzaion Haman Asuero erregeari:—Bada zure erresuman jende-mota berezi bat, eskualde guztietako herrien artean sakabanatua. Haien legeak ez dira beste herrienak bezalakoak, eta ez dituzte betetzen erregearen aginduak. Ez zaio erregeari halakoak bakean uztea komeni.

9. Egoki baderitzo, eman beza idatziz erregeak halako horiek suntsiarazteko agindua. Ehundaka tona zilar ipiniko dut nik funtzionarioen esku, errege-gordailura eraman dezaten.

10. Orduan, erregeak eraztuna bere behatzetik atera eta juduen etsai zen Hamani, Hamedataren seme eta Agagen jatorrikoari, eman zion,

11. esanez:—Zilarra zuretzat. Herri horri buruz, egizu nahi duzuna.

12. Lehen hilaren hamahiruan erregearen idazkariei dei egin eta Hamanek agindu bezala idatzi zituzten gutunak, eta erregeorde guztiei, eskualdeetako gobernariei eta herri guztietako buruzagiei igorri zizkieten, nori bere eskualdeko idazkeran eta herriko hizkeran. Asuero erregearen izenean zeuden idatziak eta erregearen eraztunaz zigilatuak.

13. Mezularien bidez bidali zituzten gutunak erreinuko eskualde guztietara. Agindu hau zeramaten: hondatu, hil eta suntsiaraz zitzatela judu guztiak, gazte nahiz zahar, haur nahiz emakume, eta ostu zitzatela haien ondasunak, dena egun berean, hamabigarren hilaren, Adar hilaren, hamahiruan.

14. Gutun honetan esana, legetzat eman behar zen eskualde guztietan, eta herri guztiei adierazi, esaniko egunerako prest egon zitezen.

15. Erregearen agindua harturik, bizkor abiatu ziren mezulariak. Susa hirian ere aldarrikatu zen agindu hori. Erregea eta Haman edatera eseri ziren; bitartean, Susa hiria izu-ikaratua zegoen.