Itun Zaharra

Itun Berria

Ester 2:1-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Aldi baten buruan, baretu zitzaion haserrea Asuerori; baina ezin zitzaizkion erregeari ahaztu Baxtik egina eta honen aurka harturiko erabakia.

2. Honela mintzatu zitzaizkion orduan erregeari bere funtzionarioak: «Bil ditzatela erregearentzat neskatxa gazteak, birjinak eta politak.

3. Izenda itzazu zeure erresumako eskualde guztietan mandatariak, neskatxa birjinak eta politak Susara, erregearen haremera, ekar ditzaten; utz ditzatela emazteki horiek zaintzeko kargua duen Hegairen, erregearen irenaren, ardurapean; honek emango dizkie apaingarriak.

4. Eta emazteki horien artetik erregearen gogoko gertatzen dena izan bedi erregina, Baxtiren ordez».Ongi iruditu zitzaion erregeari, eta horrela egin zuen.

5. Bazen Susa hirian Mardokeo zeritzan judu bat, Jair-en semea, eta Ximeiren biloba, Benjaminen leinuko Kixen ondorengoa.

6. Babiloniako errege Nabukodonosorrek erbesteratua zuen Jerusalemdik, Judako errege Jekoniasekin atzerriratu zituenekin batera.

7. Bere lehengusina Hadasaren, hau da, Esterren, aitaordea zen, ez baitzuen Esterrek aitarik, ez amarik. Neska liraina zen gorputzez, eta biziki ederra. Aita-amak hil zitzaizkiolarik, Mardokeok zuen alabatzat hartua.

8. Erregearen esana eta erabakia zabaldurik, anitz neskatxa bildu zuten Susa hirira, Hegairen ardurapean jarriz. Ester ere jauregira eraman zuten besteekin batera eta Hegairen, emakume-zainaren, ardurapean jarri.

9. Begiz jo zuen honek Ester, oso atsegina gertatu baitzitzaion; behar zituen apaingarriak eta beste gauza guztiak eskuratu zizkion berehala; gainera, jauregikoen artean aukeraturiko zazpi neskame eman zizkion eta haremeko gelarik hoberenera eraman zuen bere neskameekin batera.

10. Esterrek ez zuen adierazi zein herri eta zein jatorritakoa zen, Mardokeok agindua baitzion ez esateko.

11. Mardokeo haremeko atari aurrean ibili ohi zen egunero, Ester osasunez nola ote zegoen eta nola ote zerabilten jakin nahiz.

12. Hamabi hilabeteren buruan, emakumeentzat agindua zegoen epea bete ondoren, neskatxa bakoitzari Asuero erregearen aitzinera agertzeko txanda etortzen zitzaion. Edertzeko igurzketak honela egin ohi ziren: sei hilabetez mirra-olioz, eta hurrengo seietan emakumeek erabili ohi dituzten lurrin eta usainki gozoz.

13. Neskatxa batek erregearen aurrera azaldu behar zuenean, apaintzeko eskatzen zuen guztia eman ohi zioten, haremetik jauregira berekin eraman zezan.

14. Ilunabarrean sartzen zen jauregira, eta biharamun goizean beste harem batera joan ohi zen, Xaaxgaz-en, erregearen emakume-zain zen irenaren, ardurapean jarriz. Ez zen berriro erregearen aurrera agertuko, erregeak bera desiratu eta deitu ezik.

15. Heldu zitzaion, bada, Esterri, Mardokeok alabatzat hartua zuen bere osaba Abihailen alabari, erregearen aurrera agertzeko txanda. Horretarako, emakume-zain zen Hegaik, erregearen irenak, esan ziona baizik ez zuen eskatu Esterrek. Ikusten zuten guztien onginahia bereganatzen zuen.

16. Asueroren erregealdiaren zazpigarren urteko hamargarren hilean, hots, Tebet hilean, eraman zuten Ester erregearen aurrera.

17. Erregeak maiteago izan zuen Ester beste emakume guztiak baino; honek bereganatu zituen, beste neskatxa guztien artean, erregearen onginahia eta amodioa. Berari ezarri zion buruan erregina-koroa, eta erregina egin zuen Baxtiren ordez.

Irakurri kapitulu osoa Ester 2