Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 19:8-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Bosgarren egunean, jaiki zen goizean goiz abiatzeko asmoz, baina neskaren aitak esan zion berriro:—Hartu indarrak. Geldi zaitezte ilunabarra arte.Eta biek jan zuten.

9. Jaiki zen, orduan, lebitarra bere ohaide eta morroiarekin batera abiatzeko, baina aitaginarrebak esan zion:—Arratsaldea da; laster ilunduko du. Eman ezazue gaua hemen, egon lasai. Bihar, goizean goiz, joango zarete etxera.

10. Lebitarrak, ordea, ez zuen gaua han eman nahi izan eta, bi asto txalmatu eta ohaidea harturik, abiatu egin zen eta Jebus, hau da, Jerusalem, begiztatzera iritsi.

11. Jebus ondora heldu zireneko, ilunabarra zen. Morroiak esan zion nagusiari:—Tira, jo dezagun jebustarren hiri horretara; eman dezakegu bertan gaua.

12. Nagusiak ihardetsi zion:—Ez gara israeldarrik bizi ez den hiri arrotz batera joango; Gibearaino joango gara.

13. Gero, esan zion:—Tira, jo dezagun beste herri horietakoren batera; Gibean nahiz Raman emango dugu gaua.

14. Horrela, beraz, aurrera egin zuten bidean. Benjaminen dagoen Gibea herritik hurbil zirelarik, gorde egin zen eguzkia.

15. Bidea utzi eta Gibeara joan ziren gaua igarotzera. Herrian sartu eta plazan gelditu ziren; baina ez zien inork ostaturik eman bere etxean gaua igarotzeko.

16. Arratsean, horra non datorren gizon zahar bat soroko lanetik. Bera ere Efraimgo mendialdekoa zen, baina Gibean bizi zen etorkin gisa, bertako benjamindarren artean.

17. Begiak altxatu eta lebitar bidaiaria herriko plazan ikustean, galdetu zion zaharrak:—Nondik nora zabiltza?

18. Lebitarrak erantzun:—Judako Belendik gatoz eta Efraimgo mendialdera noa, hangoa bainaiz. Judako Belenera etorri nintzen eta berriro etxera noa. Herri honetan ez nau inork ere hartu nahi izan bere etxean.

19. Baina badugu lastoa eta belarra astoentzat, baita ogia eta ardoa ere neure ohaide, morroi eta hirurontzat. Ez dugu deus ere falta.

20. Hala ere, gizon zaharrak esan zien:—Bakea zurekin! Neuk emanen dizut falta duzun guztia. Ez gelditu, behintzat, plazan gauez.

21. Orduan, bere etxera eraman zuen. Eman zien belarra astoei eta, oinak garbitu ondoren, jan eta edan egin zuten.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 19