Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 5:4-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Aurrez aurre hitz egin zizuen Jaunak mendian, suaren erditik.

5. Egokiera hartan, ni Jaunaren eta zuen artean nengoen, Jaunaren hitza zuei adierazteko, ez baitzineten mendira igo suaren beldurrez.«Jaunak esan zuen:

6. «Neu nauzu Jauna zeure Jainkoa, Egiptotik, esklabotzatik, atera zintuena.

7. «Ez izan ni beste jainkorik.

8. «Ez egin idolorik, ez irudirik, goian zeruan, behean lurrean nahiz lurpeko uretan dagoenetik.

9. Ez ahuspeztu haien aurrean, ezta gurtzarik eman ere, ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra bainaiz: gorroto didaten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dut hirugarren eta laugarren belaunaldiraino ere;

10. baina mila belaunaldiz agertzen diet onginahia maite nautenei eta nire aginduak betetzen dituztenei.

11. «Ez erabili alferrik Jaunaren zeure Jainkoaren izena, ez baitut hori egingo duenik zigorrik gabe utziko.

12. «Gorde larunbata, Jaunari sagaratuz, Jaunak zure Jainkoak agindu bezala.

13. Sei egunez egingo duzu lan eta zeure eginbehar guztiak burutuko;

14. baina zazpigarrena atseden-eguna duzu, Jaunari zeure Jainkoari sagaratua. Ez egin inolako lanik egun horretan, ez zuk, ez zure seme-alabek, ez zure morroi-mirabeek, ez zure idi, asto zein beste abereek, ezta zure hirietan bizi den etorkinak ere; horrela, zure morroi-mirabeek ere, zeuk bezala, atseden hartu ahal izango dute.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 5