Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34

Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 5 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Leialtasunerako deia (5,1—11,32)

Horeb mendiko itunaren oroitzapena

1. Moisesek israeldar guztiak bildu eta esan zien: «Entzun, israeldarrok, gaur adierazten dizkizuedan lege eta erabakiak; ikas itzazue eta saiatu betetzen.

2. Jaunak gure Jainkoak ituna egin zuen gurekin Horeb mendian.

3. Ituna ez zuen burutu gure arbasoekin, gurekin baizik, gaur hemen bizirik gauden guztiokin.

4. Aurrez aurre hitz egin zizuen Jaunak mendian, suaren erditik.

5. Egokiera hartan, ni Jaunaren eta zuen artean nengoen, Jaunaren hitza zuei adierazteko, ez baitzineten mendira igo suaren beldurrez.«Jaunak esan zuen:

Hamar aginduak

6. «Neu nauzu Jauna zeure Jainkoa, Egiptotik, esklabotzatik, atera zintuena.

7. «Ez izan ni beste jainkorik.

8. «Ez egin idolorik, ez irudirik, goian zeruan, behean lurrean nahiz lurpeko uretan dagoenetik.

9. Ez ahuspeztu haien aurrean, ezta gurtzarik eman ere, ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra bainaiz: gorroto didaten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dut hirugarren eta laugarren belaunaldiraino ere;

10. baina mila belaunaldiz agertzen diet onginahia maite nautenei eta nire aginduak betetzen dituztenei.

11. «Ez erabili alferrik Jaunaren zeure Jainkoaren izena, ez baitut hori egingo duenik zigorrik gabe utziko.

12. «Gorde larunbata, Jaunari sagaratuz, Jaunak zure Jainkoak agindu bezala.

13. Sei egunez egingo duzu lan eta zeure eginbehar guztiak burutuko;

14. baina zazpigarrena atseden-eguna duzu, Jaunari zeure Jainkoari sagaratua. Ez egin inolako lanik egun horretan, ez zuk, ez zure seme-alabek, ez zure morroi-mirabeek, ez zure idi, asto zein beste abereek, ezta zure hirietan bizi den etorkinak ere; horrela, zure morroi-mirabeek ere, zeuk bezala, atseden hartu ahal izango dute.

15. Izan gogoan zeu ere esklabo izan zinela Egipton, eta Jaunak zeure Jainkoak atera zintuela handik ahalmen handiz eta esku indartsuz. Horregatik agindu dizu Jaunak zeure Jainkoak atseden-eguna gordetzeko.

16. «Ohoratu aita-amak, Jaunak zeure Jainkoak agindu bezala, luzaro bizi eta zoriontsu izan zaitezen, Jaunak zeure Jainkoak ematen dizun lurraldean.

17. «Ez hil inor.

18. «Ez egin adulteriorik.

19. «Ez ostu.

20. «Ez egin gezurrezko testigantzarik lagun hurkoaren aurka.

21. «Ez gutiziatu lagun hurkoaren emaztea. Ez irrikatu haren etxerik, ez sororik, ez morroi-miraberik, ez idirik, ez astorik eta ez beste ezertxo ere.

22. «Horiek dira Jaunak, mendi barrenean denok bildurik zeundetela, ahots handiz aldarrikatu zizkizuen aginduak, suaren eta laino itxi eta ilunaren erditik, eta ez zuen beste ezer esan. Gero, bi harlauzatan idatzi zituen, eta niri eman zizkidan.

Moises, Jainkoaren eta herriaren ararteko

23. «Mendia sugarretan zegoela, ilunpe artetik zetorren ahots hura entzutean, zuen leinuburuek eta herri-arduradunek niregana hurbildu

24. eta zuen izenean esan zidaten: Jaunak geure Jainkoak egiaz erakutsi dizkigu bere ospea eta handitasuna, eta hura suaren erditik mintzatzen entzun dugu. Gaur ikusi dugu Jainkoak gizakiari hitz egin diezaiokeela eta hau bizirik gelditu.

25. Baina, zergatik hil orain? Sute horrek kiskali egin behar gaitu. Jaunaren ahotsa entzuten jarraitzen badugu, hil egingo gara.

26. Izan ere, ba al da gizasemerik, Jainko bizia guk bezala suaren erditik mintzatzen entzun eta bizirik gelditu denik?

27. Hurbil zaitez zeu, Jaunak gure Jainkoak esango duena entzutera; eta, gero, berak esandako guztia adieraziko diguzu, eta guk onartu eta bete egingo dugu.

28. «Entzun zituen Jaunak zuek niri esandako hitzak, eta adierazi zidan: Entzun dut herriak zuri esandakoa eta ongi deritzot.

29. Ai ni errespetatzeko eta nire aginduak betetzeko jarrera hori izango balute beti! Zoriontsu izango lirateke beti, bai beraiek, bai ondorengoak.

30. Zoaz eta esaiezu etxoletara itzultzeko.

31. Baina zu gelditu hemen nirekin, haiei irakatsi behar dizkiezun agindu, lege eta erabakiak adierazi behar baitizkizut, jabetzan ematen diedan lurraldean bete ditzaten.

32. «Beraz, saiatu Jaunak zeuen Jainkoak agindu dizuen guztia betetzen, ezertan ere saihestu gabe.

33. Ibili beti Jaunak zeuen Jainkoak erakutsitako bidetik, bizirik iraun eta zoriontsu izan zaitezten, eta luzaro biziko zarete jabetzan hartuko duzuen lurraldean.