Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 22:13-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. «Eman dezagun norbaitek, emakume batekin ezkondu eta berarekin harremanak izan ondoren, begitan hartzen duela

14. eta egite txarrez salatu eta izen txarra jartzen diola, esanez: “Emakume honekin ezkondu eta, bereganatzean, ez dela birjina konturatu naiz”.

15. Horiek horrela, neskaren aita-amek alabaren birjintasunaren froga-agiria hartu eta herri-arduradunei aurkeztuko diete auzitegian.

16. Aitak esango die: “Alaba gizon horri eman diot emaztetzat; baina begitan hartu du

17. eta egite txarrez salatzen du orain, ez dela birjina esanez. Hona, ordea, nire alabaren birjintasunaren froga-agiria”.«Eta gurasoek herri-arduradunen aurrean zabalduko dute maindirea ezkontza-gaueko odol-aztarnekin.

18. Arduradunek senarra atxilotu eta zigorra ezarriko diote,

19. zilarrezko ehun txanponeko isuna, israeldar birjina bati izen ona kentzeagatik, eta dirua neskaren aitari emango diote; gainera, emaztetzat onartu beharko du eta ezin izango du bizitza osoan zapuztu.

20. «Baina salakuntza egia izanik, neska ez zela birjina egiaztatzen bada,

21. aitaren etxe-atarira eraman eta hiriko gizonek harrika emango diote hil arte, itsuskeria egin baitu Israelen, aitaren etxean bere burua desohoratuz. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

22. «Norbait emakume ezkondu batekin oheratua harrapatzen badute, biak hilko dituzte, gizona eta emakumea. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria Israeldik.

23. «Norbait, ezkontza-hitza emandako neska bat hirian aurkiturik, berarekin oheratzen bada,

24. hiri-sarrerara aterako dituzte biak eta harrika emango hil arte: neska, hirian izanda ere, laguntza eske deiadar egin ez duelako, eta gizona lagun hurkoaren emaztegaia bortxatu duelako. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

25. Baina gizonak neska ezkongaia landan aurkitzen badu, heldu eta berarekin etzaten bada, gizona bakarrik hilko dute;

26. neskari ez diote ezer egingo, ez baitu heriotza-zigorrik merezi duen bekaturik egin. Norbaitek lagun hurkoari eraso eta hiltzen duenean bezalako kasua da hori:

27. landan aurkitu baitu gizonak eta, neskak deiadar eginda ere, ez zen han laguntzeko inor.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 22