Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34

Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Ondasunak itzuli

1. «Herritar baten idia nahiz ardia galduta ikusten baduzue, ez egin ez ikusiarena, itzuli jabeari.

2. Auzoan bizi ez bada edo ezezaguna baduzue, eraman aberea zeuen ukuilura eta eduki bertan, herritarra beraren bila etorri arte; orduan, itzuli egingo diozue.

3. Beste horrenbeste egingo duzue herritarrak galdu eta zuek aurkitutako asto, soingaineko nahiz beste edozer gauzarekin ere; ez egin ez ikusiarena.

4. «Zeuen herritarraren astoa nahiz idia bidean eroria ikustean, ez egin ez ikusiarena, lagundu altxatzen.

Beste zenbait agindu

5. «Emakumeak ez du gizonezkoen jantzirik erabiliko, ezta gizonak ere emakumezkoen soinekorik jantziko, higuingarri baitzaio Jaunari zuen Jainkoari horrelakorik egiten duena.

6. «Bidez zoaztela, zuhaitzean nahiz lurrean habia txorikumeekin edo arrautzekin, ama bertan delarik, aurkitzen baduzue, ez hartu ama kumeekin;

7. utzi joaten amari eta hartu kumeak. Horrela, zoriontsu izango zarete eta luzaro biziko.

8. «Etxe berria eraikitzen baduzue, babesa jarriko diozue etxe gainari inguruan; bestela, handik norbait erori eta hilez gero, heriotzaren erantzule egingo zenukete etxea.

9. «Ez duzue mahastian beste ezer ereingo; bestela, dena geldituko litzateke Jaunari sagaratua, bai ereindakoaren emaitza, baita mahastiarena ere.

10. «Ez dituzue idia eta astoa uztarri berean lotuko, goldean jarduteko.

11. «Ez duzue artilea eta lihoa nahastuz ehunduriko arroparik jantziko.

12. «Borlatxoak ezarriko dituzue estaltzeko erabiliko duzuen mantuaren lau ertzetan.

Emaztegaiaren birjintasunari buruz

13. «Eman dezagun norbaitek, emakume batekin ezkondu eta berarekin harremanak izan ondoren, begitan hartzen duela

14. eta egite txarrez salatu eta izen txarra jartzen diola, esanez: “Emakume honekin ezkondu eta, bereganatzean, ez dela birjina konturatu naiz”.

15. Horiek horrela, neskaren aita-amek alabaren birjintasunaren froga-agiria hartu eta herri-arduradunei aurkeztuko diete auzitegian.

16. Aitak esango die: “Alaba gizon horri eman diot emaztetzat; baina begitan hartu du

17. eta egite txarrez salatzen du orain, ez dela birjina esanez. Hona, ordea, nire alabaren birjintasunaren froga-agiria”.«Eta gurasoek herri-arduradunen aurrean zabalduko dute maindirea ezkontza-gaueko odol-aztarnekin.

18. Arduradunek senarra atxilotu eta zigorra ezarriko diote,

19. zilarrezko ehun txanponeko isuna, israeldar birjina bati izen ona kentzeagatik, eta dirua neskaren aitari emango diote; gainera, emaztetzat onartu beharko du eta ezin izango du bizitza osoan zapuztu.

20. «Baina salakuntza egia izanik, neska ez zela birjina egiaztatzen bada,

21. aitaren etxe-atarira eraman eta hiriko gizonek harrika emango diote hil arte, itsuskeria egin baitu Israelen, aitaren etxean bere burua desohoratuz. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

Adulterioa

22. «Norbait emakume ezkondu batekin oheratua harrapatzen badute, biak hilko dituzte, gizona eta emakumea. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria Israeldik.

Bortxaketa-kasuak

23. «Norbait, ezkontza-hitza emandako neska bat hirian aurkiturik, berarekin oheratzen bada,

24. hiri-sarrerara aterako dituzte biak eta harrika emango hil arte: neska, hirian izanda ere, laguntza eske deiadar egin ez duelako, eta gizona lagun hurkoaren emaztegaia bortxatu duelako. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

25. Baina gizonak neska ezkongaia landan aurkitzen badu, heldu eta berarekin etzaten bada, gizona bakarrik hilko dute;

26. neskari ez diote ezer egingo, ez baitu heriotza-zigorrik merezi duen bekaturik egin. Norbaitek lagun hurkoari eraso eta hiltzen duenean bezalako kasua da hori:

27. landan aurkitu baitu gizonak eta, neskak deiadar eginda ere, ez zen han laguntzeko inor.

28. «Norbait, ezkontza-hitza eman gabeko neska bat aurkiturik, heldu eta berarekin oheratzen bada, eta horrela harrapatzen badituzte,

29. zilarrezko berrogeita hamar txanpon eman beharko dizkio gizonak neskaren aitari eta neska emaztetzat hartu beharko du, bortxatu duelako. Eta ezin izango du bizitza osoan zapuztu.