Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 14:7-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Beraz, hausnartzaileak diren edo apatxak bitan banaturik dituzten animalien artean ezin izango duzue jan, ez gamelua, ez erbia, ez azkonarra; hausnartzaile izan arren, ez baitute bitan banaturiko apatxik; kutsatutzat edukiko dituzue;

8. ezta urdea ere, bitan banaturiko apatxak dituen arren, ez baita hausnartzailea; beraz, kutsatutzat edukiko duzue. Ez duzue horien haragirik jango, ezta horien sarraskirik ukituko ere.

9. «Uretako piztietatik, hegalak eta ezkatak dituzten guztiak jan ditzakezue;

10. ez, ordea, hegal eta ezkata gabeak: kutsatutzat edukiko dituzue.

11. «Hegazti garbi guztiak jan ditzakezue;

12. hurrengo hauek, ordea, ezin izango dituzue jan: arranoa, gabiraia, itsas arranoa,

13. mirua eta mota guztietako saiak,

14. mota guztietako beleak,

15. ostruka, hontz zuria, kaioa, mota guztietako belatzak,

16. hontza, ibisa, zisnea,

17. belabeltza, uroiloa, itsas belea,

18. zikoina, mota guztietako koartzak, marti-oilarra eta saguzarra.

19. Intsektu hegaldun guztiak kutsatutzat edukiko dituzue; ezin izango dituzue jan.

20. Baina hegazti garbi guztiak jan ditzakezue.

21. «Ez duzue jango berez hildako abereren haragirik; eman zuekin bizi den etorkinari, jan dezan, edota saldu atzerritarrei. Zuek Jaunarentzat zeuen Jainkoarentzat sagaraturiko herri zarete.«Ez egosi antxumerik amaren esnetan.

22. «Urtero, zeuen lurreko uztaren emaitzen hamarrena bereiziko duzue.

23. Gariaren, ardo berriaren eta olioaren hamarrenak, abere handi nahiz txikien lehen-kumeekin batera, Jaunak zuen Jainkoak bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokira eramango dituzue, eta han otordu sakratua egingo Jaunaren aurrean. Horrela, zeuen bizitza osoan Jaunari begirune izaten ikasiko duzue.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 14