Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 12:5-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. aitzitik, Jaunak zuen Jainkoak, bera bizitzeko eta berari kultu emateko zuen leinuetatik aukeratuko duen lekura joango zarete kultu ematera.

6. Han eskainiko dituzue erre-opariak eta sakrifizioak, lurreko fruituen hamarrenak eta zeuen emaitzak, botoa betetzeko nahiz borondatez eginiko opariak eta abere handi eta txikien lehen-kumeak.

7. Han otordua egingo duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, eta festa ospatuko zeuen etxekoekin, eginkizun guztiak ongi burutzea emango dizuen Jaunari eskerrak emateko.

8. «Ez jokatu han orain hemen bezala, norberari iruditzen zaion moduan,

9. ez baitzarete iritsi oraindik atseden-lekura, Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldera.

10. Jordan ibaia igaro eta Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldean bizitzen jarri bezain laster, libratu egingo zaituzte Jaunak inguruko etsaiengandik, eta bakean eta seguru biziko zarete.

11. Orduan, Jaunak zuen Jainkoak bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokira eramango dituzue agintzen dizkizuedan eskaintzak: erre-opariak eta sakrifizioak, lurreko fruituen hamarrenak eta emaitzak, eta botoz aginduriko zeuen opari hoberenak.

12. Festa ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, bai zeuek, bai zuen seme-alabek eta morroi-mirabeek, baita zuekin hiri berean bizi den lebitarrak ere, berak ez baitu zuek bezala lursailik ondaretzat hartu.

13. «Kontuz, beraz! Ez eskaini erre-oparirik herrialde hartan aurkituko dituzuen kultu-lekuetan.

14. Zuen leinuetako batean Jaunak berak aukeratuko duen lekuan bakarrik eskainiko dituzue zeuen erre-opariak, eta han beteko nik agindutako guztia.

15. «Alabaina, nahi izanez gero, biziko zareten edozein hiritan hil ditzakezue abereak jateko, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen ondasunen arabera; denok jan ahal izango dituzue, baita legez garbi ez dagoenak ere, ehizakia —gazela nahiz oreina— jan ohi den bezala.

16. Baina ez duzue odola jango, lurrera isuriko baizik, ura bezala.

17. «Ezin izango duzue, ordea, jan biziko zareten hirietan Jaunari eskaini beharrekoa: gari, ardo eta olioaren hamarrenak, abere handi eta txikien lehen-kumeak, botoa betetzeko nahiz borondatez eginiko opariak eta gainerako emaitzak.

18. Horiek Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan jango dituzue, bai zeuek, bai zuen seme-alabek eta morroi-mirabeek, baita zuekin hiri berean bizi den lebitarrak ere. Festa ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, zeuen lanaren emaitzengatik eskerrak emanez.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 12