Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 11:20-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

20. idatzi etxeko ate-alboetan eta hiri-sarreran,

21. zeruak lur gainean bezain luzaro iraun dezazuen, bai zuek, bai zuen ondorengoek, Jaunak zuen arbasoei zin eginez agindutako lurraldean.

22. «Gaur ematen dizkizuedan agindu guztiak arretaz betetzen badituzue eta Jauna zeuen Jainkoa maitatzen, berak erakutsitako bideari jarraitzen eta berari atxikitzen bazatzaizkiote,

23. bota egingo ditu Jaunak zuen aurretik zuek baino handiago eta indartsuago diren herri horiek, eta beraien lurraldeaz jabetuko zarete.

24. Zuen oinek zapalduko dituzten leku guztiak zeuenak izango dituzue, eta zuen lurraldea basamortutik Libanoraino eta Eufrates ibaitik Mediterraneo itsasoraino hedatuko da.

25. Ezin izango dizue inork aurre egin, izu-ikara sartuko baitu Jaunak igaroko zareten edonon, berak zuei agindu bezala.

26. «Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bedeinkazioa eta madarikazioa;

27. bedeinkazioa, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen badituzue, gaur nik esan bezala;

28. madarikazioa, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen ez badituzue eta, ezezagunak dituzuen jainko arrotzei jarraituz, gaur nik erakutsitako bidetik saihesten bazarete.

29. «Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan hartzera zoazten lurraldean sarrarazi ondoren, Garizim mendian emango duzue bedeinkazioa eta Ebal mendian madarikazioa.

30. Mendi hauek Jordanez beste aldean daude, mendebaldeko bidearen atzealdean, Araban bizi diren kanaandarren lurraldean, Gilgalen aurrez aurre eta Moreko arte zuhaitzen ondoan.

31. «Jordan ibaia igarotzear zaudete, Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizuen lurraldeaz jabetzera joateko. Hartaz jabetu eta bertan bizitzen jartzean,

32. arretaz saiatuko zarete gaur ematen dizkizuedan lege eta erabaki guztiak betetzen.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 11