Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34

Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jaunaren egintzak israeldarren begi-bistan

1. «Maita ezazue Jauna zeuen Jainkoa eta bete arretaz beti haren lege, erabaki eta aginduak.

2. «Zuek ezagunak dituzue gaur Jaunaren zeuen Jainkoaren ikasbidea, ahalmen handia eta esku indartsua, zuen seme-alabek ez bezala, hauek ez baitituzte ezagutu, ez ikusi.

3. Ikusi duzue Egipton bertan faraoiaren eta herriaren aurka eginiko mirari eta egintzak

4. eta egiptoar gudarosteari, zaldi eta guda-gurdiei, egindakoa: nola, zuei erasoka Itsaso Gorrian sartu zirelarik, urak haien gainera amildu eta Jaunak betiko galdu zituen.

5. Ikusi duzue basamortuan, Egiptotik irten eta hona iritsi arte, zuen alde egindako guztia;

6. baita Rubenen leinuko Eliaben seme Datan eta Abirami egindakoa ere: nola lurrak zabaldu eta irentsi zituen israeldarren aurrean, beren familia, oihal-etxola eta jarraitzaile guztiekin batera.

7. «Zeuen begiz ikusi dituzue Jaunak burutu dituen egintza handi guztiok.

8. «Bete, bada, gaur ematen dizkizuedan agindu guztiak, adoretsu izan eta hartzera zoazten lurraldeaz jabetzeko gauza izan zaitezten

9. eta luzaro bizi esnea eta eztia darizkion lurraldean, Jaunak zuen arbasoei, beraiei eta ondorengoei emango ziela zin eginez agindutako lurraldean.

10. «Jabetzan hartzera zoazten lurraldea ez da utzi duzuen Egipto bezalakoa; han hazia erein eta nekatuz ureztatu behar izaten zenuten, baratzean egin ohi den bezala;

11. jabetzan hartzera zoazten lurraldea, berriz, bere mendi eta ibarrekin, zeruko euriz ureztatzen da.

12. Jauna zuen Jainkoa arduratzen da lurralde horretaz eta etengabe ditu bere begiak hartan ezarriak, urte osoan zehar.

13. «Gaur ematen dizkizuedan agindu hauek benetan onartzen badituzue, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz eta bihotz-bihotzez eta gogo osoz zerbitzatuz,

14. berak emango dio lurrari sasoian sasoiko euria, eta garia, ardoa eta olioa izango dituzue;

15. abereentzat belarra zelaietan eta zeuentzat asetzeko adina janari emango dizue.

Herriaren etorkizuna Jaunarekiko obedientziari lotua

16. «Baina kontuz! Ez gero engainatu zeuen buruak, ez saihestu Jaunarengandik, jainko arrotzak gurtuz eta haien aurrean ahuspeztuz;

17. bestela, Jaunaren haserrea piztuko da zuen aurka, zerua itxiko du eta ez duzue euririk gehiago izango; lurrak ez du uztarik emango eta berehala desagertuko zarete Jaunak ematen dizuen lurralde eder horretatik.

18. «Ezarri nire hitz hauek zeuen buru-bihotzetan; lot itzazue seinale bezala eskumuturrean eta oroigarri bezala bekokian;

19. irakatsi zeuen seme-alabei, etxean zaudetela nahiz bidean zoaztela haietaz mintzatuz;

20. idatzi etxeko ate-alboetan eta hiri-sarreran,

21. zeruak lur gainean bezain luzaro iraun dezazuen, bai zuek, bai zuen ondorengoek, Jaunak zuen arbasoei zin eginez agindutako lurraldean.

22. «Gaur ematen dizkizuedan agindu guztiak arretaz betetzen badituzue eta Jauna zeuen Jainkoa maitatzen, berak erakutsitako bideari jarraitzen eta berari atxikitzen bazatzaizkiote,

23. bota egingo ditu Jaunak zuen aurretik zuek baino handiago eta indartsuago diren herri horiek, eta beraien lurraldeaz jabetuko zarete.

24. Zuen oinek zapalduko dituzten leku guztiak zeuenak izango dituzue, eta zuen lurraldea basamortutik Libanoraino eta Eufrates ibaitik Mediterraneo itsasoraino hedatuko da.

25. Ezin izango dizue inork aurre egin, izu-ikara sartuko baitu Jaunak igaroko zareten edonon, berak zuei agindu bezala.

Bedeinkazioa eta madarikazioa

26. «Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bedeinkazioa eta madarikazioa;

27. bedeinkazioa, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen badituzue, gaur nik esan bezala;

28. madarikazioa, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen ez badituzue eta, ezezagunak dituzuen jainko arrotzei jarraituz, gaur nik erakutsitako bidetik saihesten bazarete.

29. «Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan hartzera zoazten lurraldean sarrarazi ondoren, Garizim mendian emango duzue bedeinkazioa eta Ebal mendian madarikazioa.

30. Mendi hauek Jordanez beste aldean daude, mendebaldeko bidearen atzealdean, Araban bizi diren kanaandarren lurraldean, Gilgalen aurrez aurre eta Moreko arte zuhaitzen ondoan.

31. «Jordan ibaia igarotzear zaudete, Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizuen lurraldeaz jabetzera joateko. Hartaz jabetu eta bertan bizitzen jartzean,

32. arretaz saiatuko zarete gaur ematen dizkizuedan lege eta erabaki guztiak betetzen.