Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 11:13-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. «Gaur ematen dizkizuedan agindu hauek benetan onartzen badituzue, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz eta bihotz-bihotzez eta gogo osoz zerbitzatuz,

14. berak emango dio lurrari sasoian sasoiko euria, eta garia, ardoa eta olioa izango dituzue;

15. abereentzat belarra zelaietan eta zeuentzat asetzeko adina janari emango dizue.

16. «Baina kontuz! Ez gero engainatu zeuen buruak, ez saihestu Jaunarengandik, jainko arrotzak gurtuz eta haien aurrean ahuspeztuz;

17. bestela, Jaunaren haserrea piztuko da zuen aurka, zerua itxiko du eta ez duzue euririk gehiago izango; lurrak ez du uztarik emango eta berehala desagertuko zarete Jaunak ematen dizuen lurralde eder horretatik.

18. «Ezarri nire hitz hauek zeuen buru-bihotzetan; lot itzazue seinale bezala eskumuturrean eta oroigarri bezala bekokian;

19. irakatsi zeuen seme-alabei, etxean zaudetela nahiz bidean zoaztela haietaz mintzatuz;

20. idatzi etxeko ate-alboetan eta hiri-sarreran,

21. zeruak lur gainean bezain luzaro iraun dezazuen, bai zuek, bai zuen ondorengoek, Jaunak zuen arbasoei zin eginez agindutako lurraldean.

22. «Gaur ematen dizkizuedan agindu guztiak arretaz betetzen badituzue eta Jauna zeuen Jainkoa maitatzen, berak erakutsitako bideari jarraitzen eta berari atxikitzen bazatzaizkiote,

23. bota egingo ditu Jaunak zuen aurretik zuek baino handiago eta indartsuago diren herri horiek, eta beraien lurraldeaz jabetuko zarete.

24. Zuen oinek zapalduko dituzten leku guztiak zeuenak izango dituzue, eta zuen lurraldea basamortutik Libanoraino eta Eufrates ibaitik Mediterraneo itsasoraino hedatuko da.

25. Ezin izango dizue inork aurre egin, izu-ikara sartuko baitu Jaunak igaroko zareten edonon, berak zuei agindu bezala.

26. «Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bedeinkazioa eta madarikazioa;

27. bedeinkazioa, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen badituzue, gaur nik esan bezala;

28. madarikazioa, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen ez badituzue eta, ezezagunak dituzuen jainko arrotzei jarraituz, gaur nik erakutsitako bidetik saihesten bazarete.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 11