Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12

Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 6 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Eta Dario mediarra egin zen hango errege, hirurogeita bi urte zituela.

Etsaiek Danieli tranpa jarri

2. Bere erreinuan ehun eta hogei eskualdeburu jartzea erabaki zuen Dariok, eskualde bakoitzean ordezkari bat izateko.

3. Haien buru hiru ministro ezarri zituen; hauei eman behar zieten eskualdeburuek beren administrazioaren kontua, erregearen kaltetan ibil ez zitezen. Daniel zen hiru ministro horietako bat

4. eta, berebiziko gaitasunak zituelako, beste ministro eta eskualdeburuen artean nabarmendu egiten zen; horregatik, erreinu guztiko gobernu-erantzukizuna berari emateko asmotan zebilen erregea.

5. Hargatik, beste bi ministroak eta eskualdeburuak, erreinuaren administrazioan Danieli erruren bat nola aurkitu zebiltzan; baina ezin zuten lortu, leiala baitzen, zabarkeriarik gabea.

6. Beraz, hau ziotsoten elkarri: «Ezin izango diogu aurkitu zertan salaturik, bere erlijioari buruzko zerbaitetan izan ezik».

7. Horrela, bada, ministroek eta eskualdeburuek zalapartaka erregeagana jo zuten, esanez: «Bizi zaitez luzaro, Dario errege!

8. Erreinuko ministro, eskualdeburu, kontseilari eta gobernariek aho batez eskatzen dizute errege-agindu hau eman eta aldarrika dezazun: Errege jauna, hogeita hamar egun hauetan, zuri ez beste jainko nahiz gizonen bati otoitz egingo diona, jaurti dezatela lehoien zulora.

9. Beraz, eman agindu hori eta sinatu, aldatua izan ez dadin, mediarren eta pertsiarren aldaezineko beste legeak bezala».

10. Hala, Dario erregeak sinatu egin zuen agindua.

Daniel lehoien zuloan

11. Agindua sinatua zegoela jakitean, Daniel bere etxera erretiratu zen. Goiko gelako leihoak Jerusalem aldera ematen zuen eta han belaunikatzen zen, egunean hiru aldiz otoitz egin eta Jainkoa goresteko. Hala egin ohi zuen beti.

12. Orduan, Danielen etsaiak zalapartaka sartu ziren haren etxean, eta bere Jainkoari otoitzean aurkitu zuten.

13. Orduan, erregeagana joan eta esan zioten:—Errege jauna, ez al duzu agindu, hogeita hamar egun hauetan, zuri ez beste jainko nahiz gizonen bati otoitz egingo diona, jaurti dezatela lehoien zulora?Erregeak erantzun zuen:—Halaxe da! Mediarren eta pertsiarren legeen arabera, emandako agindua aldaezina da.

14. Orduan, haiek erregeari:—Ba, errege jauna, Judatik gatibu ekarritako Daniel horrek ez dizue batere begirunerik, ez zuri, ez zure aginduei: bere Jainkoari hiru aldiz egiten dio otoitz egunean.

15. Hau entzutean, erregea biziki nahigabetu zen eta Daniel libratzea erabaki zuen. Iluntzera arte ibili zen hura salbatu nahian.

16. Baina etorri ziren berriro ere gizon haiek eta esan zioten:—Errege jauna, ondo dakizu, mediarren eta pertsiarren legeen arabera, erregeak sinaturiko debekuak nahiz aginduak aldaezinak direla.

17. Orduan, Daniel ekarri eta lehoien zulora jaurtitzeko agindu zuen. Erregeak esan zion: «Halako iraupen handiz zerbitzatzen duzun Jainkoak bakarrik salba zaitzake!»

18. Harri bat ekarriz, lehoi-zuloaren sarreran jarri zuten, eta erregeak bere errege-zigiluz eta funtzionarioen zigiluz zigilatu zuen, Danieli buruz erabakitakoa inork alda ez zezan.

19. Gero, erregeak bere jauregira itzuli eta emakumerik gabe eta baraurik igaro zuen gaua. Ezin izan zuen gau osoan lorik egin.

Daniel lehoi-zulotik onik atera

20. Eguna argitu orduko, jaiki zen erregea eta lehoi-zulora joan zen lasterka batean.

21. Lehoi-zulora hurbiltzean, Danieli hots egin zion ahots saminez:—Daniel, Jainko biziaren zerbitzaria! Hain iraupen handiz zerbitzatzen duzun Jainkoak libratu al zaitu lehoiengandik?

22. Danielek erantzun zion:—Bizi zaitez luzaro, errege jauna!

23. Nire Jainkoak aingerua bidali du lehoien ahoak ixtera, eta ez didate kalterik egin. Izan ere, badaki nire Jainkoak errugabe naizela eta zure aurka, errege jauna, ez dudala hobenik egin.

24. Orduan, erregeak, pozaren pozez, Daniel zulotik ateratzeko agindu zuen. Atera zutenean, ez zuen urratu bat ere, Jainkoarengan jarri baitzuen bere uste ona.

25. Gero, Danielen salatzaileak ekartzeko agindu zuen erregeak, eta lehoi-zulora jaurti zituzten beren emazte eta seme-alabekin batera. Eta zulo barrenera heldu baino lehen, lehoiek beren atzaparretan hartu eta txiki-txiki egin zituzten.

26. Dario erregeak, orduan, herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeari mezu hau bidali zion:«Bake osoa!

27. «Hauxe agintzen dizuet: Nire erreinu guztian Danielen Jainkoari begirune osoa izan diezaiotela guztiek.«Hura Jainko bizia baita,hura betiko dirauena.Haren erregetza ez da hondatuko,haren ahalmenak ez du azkenik.

28. Hura da askatzaile,hura salbatzaile;egintza harrigarriak eta mirariakegiten ditu zeru-lurretan.Hark askatu du Daniellehoien atzaparretatik».

29. Danielek, berriz, kargu handiak izan zituen Dario eta Ziro pertsiarraren erregealdietan.