Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12

Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 3 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Urrezko irudia gurtzeko agindua

1. Nabukodonosor erregeak urrezko irudi bat egiteko agindu zuen, hogeita hamar metro gora eta hiru metro zabal, eta Babilonia eskualdeko Dura lautadan ipini zuen.

2. Gero, erregeak mandatariak bidali zituen eskualdeko funtzionario guztiak biltzeko: eskualdeburu, gudalburu, gobernari, kontseilari, diruzain, epaile, legegizon eta agintariak. Berak eraikitako urrezko irudiaren sagarapen-festarako deitzen zituen.

3. Etorri ziren, beraz, goi-funtzionario guztiok, eta irudiaren aurrean bildu ziren sagarapen-festa egiteko.

4. Bozeramaileak honela aldarrikatu zuen: «Entzun agindu hau, herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeok:

5. Turuta, txirula, zitara, alboka, harpa eta beste musika-tresnen hotsa entzun orduko, lurreraino ahuspeztuz, Nabukodonosor erregeak eraiki duen urrezko irudia gurtuko duzue.

6. Ahuspezturik gurtzen ez duena, labeko su bizira jaurtiko dute».

7. Horrela, bada, herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeak, turuta, txirula, zitara, alboka, harpa eta beste musika-tresnen hotsa entzun zueneko, lurreraino ahuspeztuz, Nabukodonosor erregeak eraikitako irudia gurtu zuen.

Danielen lagunak Jainkoarekiko leial

8. Handik laster, babiloniar batzuk juduak salatzera joan ziren Nabukodonosor erregeagana.

9. Esan zioten: «Luzaro bizi zaitez, errege jauna!

10. Zeuk, errege, agindu duzu, turuta, txirula, zitara, alboka, harpa eta beste musika-tresnen hotsa entzun orduko, denek, lurreraino ahuspeztuz, irudia gurtzeko,

11. eta ahuspezturik gurtzen ez duena, labeko su bizira jaurtitzeko.

12. Ba, judu batzuek, Xadrak, Mexak eta Abed-Negok, Babilonia eskualdean administratzaile jarri dituzunok hain zuzen, ez dute zure agindua bete nahi: ez dituzte gure jainkoak zerbitzatzen, eta ez dute gurtzen eraiki duzun irudia».

13. Nabukodonosor sutan jarri zen, eta Xadrak, Mexak eta Abed-Nego bere aurrera ekartzeko agindu zuen. Etorri zirenean,

14. honela galdetu zien erregeak:—Egia al da, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego, ez duzuela nire jainkoak zerbitzatu eta nik eraiki dudan irudia gurtu nahi?

15. Prest al zaudete orain, turuta, txirula, zitara, alboka, harpa eta beste musika-tresnen hotsa entzutean, lurreraino ahuspeztuz, nik eraikitako irudia gurtzeko? Gurtu nahi ez baduzue, berehala labeko su bizira jaurtiaraziko zaituztet. Eta orduan, zein jainkok libratuko zaituzte nire menpetik?

16. Xadrak, Mexak eta Abed-Negok erantzun zioten:—Errege jauna, ez daukagu gai horretan zertan erantzunik.

17. Zerbitzatzen dugun Jainkoak libra gaitzake labeko sutatik eta zure menpetik.

18. Eta hala ez balitz ere, jakin ezazu, errege jauna, ez ditugula zerbitzatuko zure jainkoak, ezta gurtuko ere zuk eraiki duzun urrezko irudia.

19. Hitz horiek entzutean, haserre gorritan jarri zen Nabukodonosor Xadrak, Mexak eta Abed-Negoren kontra, eta labea bestetan halako zazpi berotzeko agindu zuen.

20. Ondoren, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego lotzeko agindu zien bere gudaririk indartsuenei, eta labeko su bizira botatzeko.

21. Eta loturik, beren jantzi eta guzti, praka, soingaineko eta burukoekin, labeko su bizira jaurti zituzten.

22. Erregearen agindu zorrotzaren arabera labea bizi-bizi piztu baitzuten, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego jaurtitzeko labera hurbildu ziren gudariak berak suak kiskalita hil ziren.

23. Eta Xadrak, Mexak eta Abed-Nego, hirurak, su bizitan zegoen labera erori ziren lotuta.

Hiru lagunak labetik atera

24. Nabukodonosor erregea jauzi batez zutitu zen eta, harriturik, bere kontseilariei galdetu zien:—Ez al ziren hiru, lotu eta sutara botatako gizonak?—Halaxe da, errege jauna —erantzun zioten.

25. Eta erregeak:—Ba, nik lau gizon ikusten ditut, suaren erdian libre dabiltzala; ez die suak kalterik egin, eta laugarrenak aingerua dirudi.

26. Nabukodonosorrek, sutan zegoen labera hurbildurik, oihu egin zuen: «Xadrak, Mexak eta Abed-Nego, goi-goiko Jainkoaren zerbitzariok, atera kanpora!»Berehala irten ziren labe barrutik.

27. Eskualdeburu, ministro, gobernari eta kontseilari guztiak bildu ziren gizon haiek ikusteko: suak ez zien ezer egin gorputzean, ileak ere ez zitzaizkien kiskali, jantziak ukitu gabe zeuzkaten eta ez zerien erre-usainik.

28. Orduan, oihu egin zuen erregeak: «Bedeinkatua Xadrak, Mexak eta Abed-Negoren Jainkoa! Aingerua bidali du berarengan uste osoa zuten zerbitzariak libratzera. Nahiago izan baitute erregearen agindua hautsi eta beren bizia arriskatu, berena ez duten jainko bat zerbitzatu eta gurtu baino.

29. Horregatik, hauxe agintzen dut: Xadrak, Mexak eta Abed-Negoren Jainkoaren kontra gaizki hitz egiten duena, edozein herri, nazio edo hizkuntzatakoa delarik ere, txiki-txiki egina izango da, eta halakoaren etxea zabortegi bihurtua. Ez baita gizona horrela libra dezakeen beste jainkorik».

30. Ondoren, erregeak kargu handiagoak eman zizkien Xadrak, Mexak eta Abed-Negori Babilonia eskualdean.

Erregearen mezua

31. Nabukodonosor erregeak, mundu osoan bizi zen herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeari mezu hau bidali zion:«Bake osoa!

32. «Egoki iruditu zait goi-goiko Jainkoak nire alde egin dituen egintza harrigarri eta mirariak zuei jakinaraztea:

33. «“Bai handiakharen egintza harrigarriak!Bai ahaltsuak haren mirariak!Haren erreinuak beti iraunen du,haren aginteakmenderen mendetan!”