Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 3:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Nabukodonosor erregeak urrezko irudi bat egiteko agindu zuen, hogeita hamar metro gora eta hiru metro zabal, eta Babilonia eskualdeko Dura lautadan ipini zuen.

2. Gero, erregeak mandatariak bidali zituen eskualdeko funtzionario guztiak biltzeko: eskualdeburu, gudalburu, gobernari, kontseilari, diruzain, epaile, legegizon eta agintariak. Berak eraikitako urrezko irudiaren sagarapen-festarako deitzen zituen.

3. Etorri ziren, beraz, goi-funtzionario guztiok, eta irudiaren aurrean bildu ziren sagarapen-festa egiteko.

4. Bozeramaileak honela aldarrikatu zuen: «Entzun agindu hau, herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeok:

5. Turuta, txirula, zitara, alboka, harpa eta beste musika-tresnen hotsa entzun orduko, lurreraino ahuspeztuz, Nabukodonosor erregeak eraiki duen urrezko irudia gurtuko duzue.

6. Ahuspezturik gurtzen ez duena, labeko su bizira jaurtiko dute».

7. Horrela, bada, herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeak, turuta, txirula, zitara, alboka, harpa eta beste musika-tresnen hotsa entzun zueneko, lurreraino ahuspeztuz, Nabukodonosor erregeak eraikitako irudia gurtu zuen.

8. Handik laster, babiloniar batzuk juduak salatzera joan ziren Nabukodonosor erregeagana.

9. Esan zioten: «Luzaro bizi zaitez, errege jauna!

10. Zeuk, errege, agindu duzu, turuta, txirula, zitara, alboka, harpa eta beste musika-tresnen hotsa entzun orduko, denek, lurreraino ahuspeztuz, irudia gurtzeko,

11. eta ahuspezturik gurtzen ez duena, labeko su bizira jaurtitzeko.

12. Ba, judu batzuek, Xadrak, Mexak eta Abed-Negok, Babilonia eskualdean administratzaile jarri dituzunok hain zuzen, ez dute zure agindua bete nahi: ez dituzte gure jainkoak zerbitzatzen, eta ez dute gurtzen eraiki duzun irudia».

Irakurri kapitulu osoa Daniel 3