Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 26:9-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Dorreak eraiki zituen Jerusalemen, Kantoiko ate gainean, Haranekoaren gainean eta Izkinan, eta sendotu egin zituen.

10. Basamortuan ere eraiki zituen dorreak, putzu ugari zulatu zuen, abere-talde asko baitzuen Xefela lautadan eta goi-lautadan; baita nekazariak eta mahastilariak ere mendietan eta alorretan, nekazaritza gogoko baitzuen.

11. Guduari ekiteko beti prest zuen Uziasek gudarostea, Jeiel idazkariak eta Maaseias funtzionarioak egina zuten izen-hartzearen arabera gudari-taldetan antolatua. Hananias, erregearen buruzagietako bat, zuten gudalburu nagusi.

12. Gudari ausart haien ofizialak bi mila eta seiehun familiaburu ziren.

13. Haien menpe, hirurehun eta zazpi mila eta bostehun gudari indartsu eta ausart zeuden, erregea etsaien aurka defendatzeko.

14. Uziasek babeskiz, lantzaz, buru-oskolez, bular-oskolez, arkuz eta habailetarako harriz hornitu zuen gudarostea.

15. Gizon trebe batek asmaturiko tramankuluak eginarazi zituen Jerusalemen, dorre eta kantoietan ezarriz, gezi eta harri handiak jaurtitzeko. Jainkoaren laguntza miragarriaz indartsu egin zen eta haren izena urrutiraino zabaldu zen.

16. Bere burua hain indartsu ikusirik, harrotu egin zen zeharo, eta horrela galdu. Oker jokatu zuen Jaunaren, bere Jainkoaren, aurrean: behin batez, tenpluko sala handira sartu zen, intsentsu-aldarean intsentsua erretzeko asmoz.

17. Azarias apaiza haren atzetik sartu zen Jaunaren beste laurogei apaiz ausartekin eta,

18. Uzias erregeari aurre eginez, esan zioten: «Uzias, ez dagokizu zuri Jaunaren ohorez intsentsua erretzea, Aaronen jatorriko apaizei baizik; horretarako baitaude sagaratuak. Irten toki santu honetatik! Oker jokatu duzu; horrek ez zaitu ospetsu egingo Jainko Jaunaren aurrean».

19. Uzias, intsentsua erretzeko intsentsu-ontzia eskuan zuela, haserretu egin zen apaizen kontra. Baina une hartantxe, apaizen aurrean, Jaunaren etxean bertan, intsentsu-aldarearen ondoan zegoela, legena atera zitzaion bekokian.

20. Azarias apaiz nagusiak eta beste apaiz guztiek, bekokian legena zuela ikustean, bizkor irtenarazi zuten handik, eta bera ere arrapaladan joan zen, Jaunak joa zegoelako.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 26