Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Uziasen erregealdia

1. Judako herri osoak Uzias, hamasei urteko gaztea, errege izendatu zuen, bere aita Amatziasen ordez.

2. Hau hil zenean, Elat hiria berreskuratu eta berreraiki zuen Uziasek.

3. Hamasei urte zituen errege izaten hastean, eta berrogeita bi urtez izan zen errege Jerusalemen. Amak Jekolias zuen izena eta Jerusalemgoa zen.

4. Jaunari atsegin zaiona egin zuen, beraren aita Amatziasek bezalaxe.

5. Zakarias bizi izan zen bitartean, Uziasek Jaunarengana jo zuen beti, Jainkoari begirune izaten erakutsi baitzion hark. Eta Jaunarekiko zintzo izan zen bitartean, Jainkoak lagundu egin zion.

6. Filistearren kontra abiaturik, Gat, Jabne eta Axdodeko harresiak eraitsi zituen, eta gero hiriak eraiki Axdod eskualdean eta filistearren lurraldean.

7. Jainkoak lagundu zion filistearrak, Gur-Baalen bizi ziren arabiarrak eta meundarrak garaitzen.

8. Meundarrok zerga ordaindu zioten Uziasi.Honen izena Egiptoko mugetaraino zabaldu zen, oso indartsu izatera heldu baitzen.

9. Dorreak eraiki zituen Jerusalemen, Kantoiko ate gainean, Haranekoaren gainean eta Izkinan, eta sendotu egin zituen.

10. Basamortuan ere eraiki zituen dorreak, putzu ugari zulatu zuen, abere-talde asko baitzuen Xefela lautadan eta goi-lautadan; baita nekazariak eta mahastilariak ere mendietan eta alorretan, nekazaritza gogoko baitzuen.

11. Guduari ekiteko beti prest zuen Uziasek gudarostea, Jeiel idazkariak eta Maaseias funtzionarioak egina zuten izen-hartzearen arabera gudari-taldetan antolatua. Hananias, erregearen buruzagietako bat, zuten gudalburu nagusi.

12. Gudari ausart haien ofizialak bi mila eta seiehun familiaburu ziren.

13. Haien menpe, hirurehun eta zazpi mila eta bostehun gudari indartsu eta ausart zeuden, erregea etsaien aurka defendatzeko.

14. Uziasek babeskiz, lantzaz, buru-oskolez, bular-oskolez, arkuz eta habailetarako harriz hornitu zuen gudarostea.

15. Gizon trebe batek asmaturiko tramankuluak eginarazi zituen Jerusalemen, dorre eta kantoietan ezarriz, gezi eta harri handiak jaurtitzeko. Jainkoaren laguntza miragarriaz indartsu egin zen eta haren izena urrutiraino zabaldu zen.

Uzias zigortua bere harrokeriagatik

16. Bere burua hain indartsu ikusirik, harrotu egin zen zeharo, eta horrela galdu. Oker jokatu zuen Jaunaren, bere Jainkoaren, aurrean: behin batez, tenpluko sala handira sartu zen, intsentsu-aldarean intsentsua erretzeko asmoz.

17. Azarias apaiza haren atzetik sartu zen Jaunaren beste laurogei apaiz ausartekin eta,

18. Uzias erregeari aurre eginez, esan zioten: «Uzias, ez dagokizu zuri Jaunaren ohorez intsentsua erretzea, Aaronen jatorriko apaizei baizik; horretarako baitaude sagaratuak. Irten toki santu honetatik! Oker jokatu duzu; horrek ez zaitu ospetsu egingo Jainko Jaunaren aurrean».

19. Uzias, intsentsua erretzeko intsentsu-ontzia eskuan zuela, haserretu egin zen apaizen kontra. Baina une hartantxe, apaizen aurrean, Jaunaren etxean bertan, intsentsu-aldarearen ondoan zegoela, legena atera zitzaion bekokian.

20. Azarias apaiz nagusiak eta beste apaiz guztiek, bekokian legena zuela ikustean, bizkor irtenarazi zuten handik, eta bera ere arrapaladan joan zen, Jaunak joa zegoelako.

Uziasen erregealdiaren bukaera

21. Uzias erregea legendun egon zen hil arte; horregatik, etxe berezi batean bizi behar izan zuen. Eta Jaunaren etxera ere ezin zen sartu. Bitartean, beraren seme Jotamek, jauregiko buru zenak, gobernatu zuen herriko jendea.

22. Uziasen gainerako jarduerak, lehenetik azkenera, Amotzen seme Isaias profetak idatzi zituen.

23. Hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Uzias, erregeen hilobien inguruan, legenduna zela ziotelako. Ondorengo erregea haren seme Jotam izan zen.