Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 23:11-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Orduan, erregearen semea aterarazi, koroa ezarri eta itunaren agiria eman zioten, errege izendatuz. Joiadak eta beronen semeek gantzutu egin zuten, oihukatuz: «Gora erregea!»

12. Lasterka eta erregeari oihuka zebilen jendearen zarata-hotsa entzutean, Atalia Jaunaren etxera zuzendu zen, jendearengana.

13. Eta begiratzean, erregea ikusi zuen oholtzaren gainean zutik, tenpluaren sarreran. Buruzagiak eta turuta-jotzaileak erregearen ondoan zeuden; herriko jendea, berriz, pozez beterik zebilen, turutaren soinura. Kantariek, beren musika-tresnak joz, gorespen-kantuak zuzentzen zituzten. Orduan, Ataliak, bere soinekoak urratuz, garrasi egin zuen:—Traizioa! Traizioa!

14. Orduan, Joiada apaizak, ez baitzuen nahi Atalia Jaunaren etxean hil zezaten, agindu zien gudarostearen buruzagi ziren ehuntariei:—Atera ezazue tenplutik, zeuen artetik. Norbaitek jarraitzen badio, hil ezpataz.

15. Atzeman zuten, bada, Atalia eta jauregira, zaldien atera, heldu zenean, bertan hil zuten.

16. Joiadak ituna egin zuen erregearekin eta herri osoarekin, Jaunaren herri izateko.

17. Ondoren, jendeak joan eta lurrera bota zuen Baalen jauretxea; xehe-xehe egin zituen hango aldare eta irudiak, eta Baalen apaiz Matan hil egin zuten aldare aitzinean.

18. Joiadak apaiz lebitarren esku utzi zuen Jaunaren etxea zaintzeko ardura. Antzina, Davidek zenbait taldetan sailkatuak zituen apaiz lebitarrak, tenpluan Jaunari erre-opariak eskaintzeko, Moisesen lege-liburuan idatzia dagoenaren arabera, eta kantu alaiez lagundurik, Davidek agindu bezala.

19. Atezainak ere ezarriak zituen ateetan, kutsatua zegokeen inor inola ere sar ez zedin.

20. Gero, ehuntariak, aitoren semeak, herriko agintariak eta jende guztia harturik, Jaunaren etxetik jauregira jaitsarazi zuen Joiadak erregea eta, goiko atetik sarturik, errege-aulkian ezarri zuten.

21. Jende guztia bozkarioz bete zen eta hiria baretu, Atalia ezpataz hila zelako.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 23