Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Joax, errege izateko gantzutua

1. Zazpigarren urtean, Joiadak, ausardiaz beterik, bost ehuntariri deitu eta beraiekin hitzarmena egin zuen. Honako hauek ziren: Jerohamen seme Azarias, Johananen seme Ixmael, Obeden seme Azarias, Adaiasen seme Maaseias eta Zikriren seme Elixafat.

2. Haiek, Juda lurralde osoan barrena ibilirik, hiri guztietan lebitarrak eta Israelgo familiaburuak bildu eta Jerusalemera itzuli ziren.

3. Jainkoaren etxean batzarturik, hitzarmena egin zuten erregearekin.Joiadak esan zien: «Hona erregearen semea. Beronek izan behar du errege, Jaunak Daviden ondorengoei buruz esana gogoan hartzen badugu.

4. Hona zer egin behar duzuen: Egin zeuen artean hiru talde; talde batekook, zerbitzaldia larunbatez duzuen apaiz eta lebitarron taldekook, tenpluko sarrerak zainduko dituzue;

5. beste taldeak jauregia, eta hirugarren taldeak Jesodeko atea. Jende guztia egon dadila Jaunaren etxeko atarietan.

6. Ez bedi inor sar Jaunaren etxean, zerbitzaldia duten apaiz eta lebitarrak izan ezik; horiek sar daitezke, sagaratuak baitira. Baina gainerako jendeak bete dezala Jaunaren agindua.

7. Lebitarrak, armak eskuetan, erregearen inguruan jarriko dira. Norbaitek tenpluan sartu nahi izango balu, hil dezatela. Zuek egin lagun erregeari toki guztietara».

8. Lebitarrek eta Judako guztiek zehatz bete zuten Joiada apaizak agindua. Zerbitzua larunbatez hasten nahiz bukatzen zuten gizonak denak batera hartu zituzten; izan ere, Joiadak ez zien alde egiteko baimenik eman txanda bukatzen zutenei.

9. Orduan, lantzak eta Jaunaren etxean zeuden David erregearen era guztietako babeskiak eman zizkien Joiada apaizak ehuntariei.

10. Gero, jende hura guztia, armak eskuetan, tenpluaren eskuinaldetik ezkerraldera ezarri zuen, aldare eta tenpluaren tartean, erregea inguratzeko.

11. Orduan, erregearen semea aterarazi, koroa ezarri eta itunaren agiria eman zioten, errege izendatuz. Joiadak eta beronen semeek gantzutu egin zuten, oihukatuz: «Gora erregea!»

12. Lasterka eta erregeari oihuka zebilen jendearen zarata-hotsa entzutean, Atalia Jaunaren etxera zuzendu zen, jendearengana.

13. Eta begiratzean, erregea ikusi zuen oholtzaren gainean zutik, tenpluaren sarreran. Buruzagiak eta turuta-jotzaileak erregearen ondoan zeuden; herriko jendea, berriz, pozez beterik zebilen, turutaren soinura. Kantariek, beren musika-tresnak joz, gorespen-kantuak zuzentzen zituzten. Orduan, Ataliak, bere soinekoak urratuz, garrasi egin zuen:—Traizioa! Traizioa!

14. Orduan, Joiada apaizak, ez baitzuen nahi Atalia Jaunaren etxean hil zezaten, agindu zien gudarostearen buruzagi ziren ehuntariei:—Atera ezazue tenplutik, zeuen artetik. Norbaitek jarraitzen badio, hil ezpataz.

15. Atzeman zuten, bada, Atalia eta jauregira, zaldien atera, heldu zenean, bertan hil zuten.

Joiadaren berrikuntzak

16. Joiadak ituna egin zuen erregearekin eta herri osoarekin, Jaunaren herri izateko.

17. Ondoren, jendeak joan eta lurrera bota zuen Baalen jauretxea; xehe-xehe egin zituen hango aldare eta irudiak, eta Baalen apaiz Matan hil egin zuten aldare aitzinean.

18. Joiadak apaiz lebitarren esku utzi zuen Jaunaren etxea zaintzeko ardura. Antzina, Davidek zenbait taldetan sailkatuak zituen apaiz lebitarrak, tenpluan Jaunari erre-opariak eskaintzeko, Moisesen lege-liburuan idatzia dagoenaren arabera, eta kantu alaiez lagundurik, Davidek agindu bezala.

19. Atezainak ere ezarriak zituen ateetan, kutsatua zegokeen inor inola ere sar ez zedin.

20. Gero, ehuntariak, aitoren semeak, herriko agintariak eta jende guztia harturik, Jaunaren etxetik jauregira jaitsarazi zuen Joiadak erregea eta, goiko atetik sarturik, errege-aulkian ezarri zuten.

21. Jende guztia bozkarioz bete zen eta hiria baretu, Atalia ezpataz hila zelako.