Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 20:22-37 Elizen Arteko Biblia (EAB)

22. Gorespen-kantuak hasi orduko, Jaunak liskarrak sorrarazi zituen Judari erasotzera zetozen amondar, moabdar eta Seir mendialdekoen artean, eta beren artean borrokatu ziren.

23. Amondarrek eta moabdarrek, Seirko mendialdekoen kontra oldarturik, hil eta suntsitu egin zituzten denak. Seirko mendialdekoak hondatu zituztenean, besteek elkar triskatu zuten.

24. Judakoek, basamortua ikusten den gailurreraino heldu eta etsaien gudarostea non ote zen begiratzean, lurra gorpuz betea besterik ez zuten ikusi. Ez zen bat ere gelditu bizirik.

25. Josafat, bere gudarostearekin, harrapakinak hartzera joan zen. Zamari asko, janariak, janzkiak eta gauza ederrak aurkitu zituzten, eta eraman zezaketena baino gehiago hartu. Hiru egunez jardun zuten harrapakinak hartzen, hain baitziren ugari.

26. Laugarren egunean Beraka haranean, hau da, «Bedeinkapen-haranean», bildu eta Jauna bedeinkatu zuten; horregatik du toki horrek izen hori gaurdaino.

27. Azkenean, Juda eta Jerusalemgo gizon guztiak, Josafat aurretik zutela, Jerusalemera itzuli ziren bozkarioz beterik, Jaunak poztu egin baitzituen beraien etsaiengandik libratuz.

28. Harpak, zitarak eta turutak joz sartu ziren Jerusalemen Jaunaren etxeraino.

29. Jauna Israelen etsaien kontra borrokatu zela jakitean, beste erreinuetakoak Jaunaren beldurrez izuturik gelditu ziren.

30. Josafaten erregealdia lasaia izan zen, eta Jainkoak bakea eman zion alde guztietatik.

31. Hogeita hamabost urte zituen Josafatek Judako errege izaten hastean, eta hogeita bost urtez izan zen errege Jerusalemen. Beraren amak Azuba zuen izena eta Xilhiren alaba zen.

32. Bere aita Asaren jokabidea hartu zuen, ezertan ere okertu gabe. Jaunaren begietan zuzen dena egin zuen.

33. Hala ere, ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak, artean herria ez baitzen erabat leial bere arbasoen Jainkoarekiko.

34. Josafaten gainerako jarduerak, lehenengotik azkenera, «Hananiren Seme Jehuren Egintzak» izeneko agirian daude idatziak; agiri hori, berriz, «Israelgo Erregeen Liburuan» dator.

35. Judako errege Josafat, behinola, Israelgo errege Akaziasekin, errege maltzur harekin, elkartu zen,

36. ur handietako itsasontziak egiteko. Etzion-Geber zeritzan hirian egin zituzten ontziak.

37. Baina Marexako Dodabaren seme Eliezer profetak honako hau profetizatu zuen Josafaten aurka: «Akaziasekin elkartu zarelako, Jaunak porrot eragingo die zure lanei». Eta halaxe, deseginak gertatu ziren ontziak, ur handietarantz abiatu baino lehen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 20