Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Oseas, Israelgo azken erregea. Samaria menderatua

1. Judako Akazen erregealdiko hamabigarren urtean hasi zen Elaren seme Oseas Israelgo errege izaten Samarian; bederatzi urtez izan zen errege.

2. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; hala ere, ez beraren aurretik Israelgo errege izan zirenek bezainbat.

3. Asiriako errege Salmanasarrek eraso egin zion Israelgoari eta Oseasek haren menpeko egin behar izan zuen, zerga ordainduz.

4. Baina gerora, Asiriako erregea ohartu zen Oseas azpilanean ari zela, Egiptoko errege So-ri mandatariak bidaliz eta, gainera, urteroko zerga ordaindu gabe utziz. Orduan, Asiriako erregeak atxilotu egin zuen Oseas eta giltzapean sartu.

5. Ondoren, lurralde osoari eraso zion, baita Samaria hiriburuari ere, hiru urtez setiatuz.

6. Oseasen erregealdiko bederatzigarren urtean, Asiriako erregea Samariaz jabetu eta Asiriara erbesteratu zituen israeldarrak, Halah deritzan lurraldean, Gozango Habor ibaiaren ondoan eta Mediako hirietan kokaraziz.

Israel erreinuaren hondamendiaren zergatiak

7. Jaunak, beraien Jainkoak, atereak zituen israeldarrak Egipto lurraldetik eta hango errege faraoiaren menpetik. Baina bekatu egin zuten Jainkoaren kontra, jainko arrotzak adoratuz. Horregatik bidali zien Jainkoak israeldarrei halako hondamendia.

8. Izan ere, Jaunak beraien aurretik bota zituen herrien ohiturak eta Israelgo erregeek ezarritako arauak hartu zituzten israeldarrek.

9. Egin behar ez liratekeen gauzak egin zituzten israeldarrek Jaunaren, beren Jainkoaren, aurka: sasikultuak antolatu zituzten hiri guztietan, baita zaintzaileen dorreetan eta gotorlekuetan ere.

10. Zutarri eta zutoin sakratuak ezarri zituzten muino guztietan eta zuhaitz handi guztien azpian;

11. eta halako kultu-lekuetan intsentsua erre zuten, Jaunak beraien aurretik egotziak zituen herrien antzera.

12. Gaizki jokatu zuten, Jauna haserretzeraino, Jaunak galarazi ziena egin baitzuten: idoloak gurtu.

13. Esana zien Jaunak, bere profeta eta ikusle guztien bidez, Israeli eta Judari: «Itzul zaitezte zeuen bide gaiztoetatik; bete itzazue nire agindu eta arauak, zuen arbasoei eman eta ene zerbitzari profeten bitartez adierazi dizuedan irakaspenaren arabera».

14. Haiek, ordea, ez zuten entzun; burugogor izan ziren, beraien gurasoak bezalaxe, ez baitzuten uste onik izan Jaunarengan, beren Jainkoarengan.

15. Gutxietsi egin zituzten bai beraien gurasoekin Jaunak egin zuen ituna, bai eman zizkien burubideak ere. Horrela, idolo hutsalen ondoren joanez, hutsal bihurtu ziren beraiek ere. Inguruko herrien antzeko egin ziren, Jainkoak haien antzera ez jokatzeko agindu zien arren.

16. Jaunaren, beren Jainkoaren, aginduak baztertuz, bi zekor-irudi egin zituzten, baita zutoin sakratua ere; izarren aurrean ahuspeztu ziren eta Baal jainkoa gurtu zuten.

17. Beren seme-alabak oparitzat eskaini zituzten, sutan errez; igarpenak eta aztikeriak egin zituzten eta Jaunari atsegin ez zaiona egitera emanak ibili ziren, Jauna haserraraziz.

18. Biziki haserretu zen, bai, Jauna Israelen kontra, eta horregatik bota zituen bere begien aurretik. Judaren leinua baizik ez zen gelditu.

19. Judak ere, ordea, Jaunaren, bere Jainkoaren, aginduak bete ordez, Israelen erara jokatu zuen.

20. Horregatik, Jaunak zapuztu egin zuen Israelen jatorri osoa, makurrarazi, lapurren esku utziz, eta, azkenean, bere begien aurretik bota.

21. Israelek, Daviden erreinutik bereizi zen hartan, Nebaten seme Jeroboam izendatu zuen errege, eta errege honek aldendu egin zuen Israel Jaunaren esanetatik, bekatu handia eginaraziz.

22. Jeroboamek eginiko bekatu guztiak egin zituzten israeldarrek ere, bekatu horietatik ezertan urrundu gabe.

23. Horregatik, bota egin zituen Jaunak bere aurretik, bere zerbitzari profeta guztien bidez esana zien bezala. Erbesteratu egin zuen Israel bere lurraldetik Asiriara gaurdaino.

Arrotzak ekarri Israelgo erreinura

24. Asiriako erregeak Babilonia, Kut, Aba, Hamat eta Sefarbaim hirietako jendea hartu eta Samariako hirietan kokarazi zuen, israeldarren tokian. Jende hura, Samariaz jabeturik, bertako hirietan bizi izan zen.

25. Samarian bizitzen hastean, arrotz haiek ez zuten Jauna gurtzen; orduan, Jaunak lehoiak bidali zizkien, jendea hiltzeko.

26. Jakinarazi zioten Asiriako erregeari, Samariako hirietara eraman eta bertan kokarazi zuen jende hark ez zekiela nola gurtu bertako jainkoa; horregatik, jainko hark lehoiak bidali eta hauek hil egiten zutela jendea, bertako jainkoa nola gurtu ez zekielako.

27. Orduan, Asiriako erregeak agindu zuen: «Eraman Samariara bertatik erbesteratu zenituzten apaizetarik bat; bizi dadila bertan eta irakats diezaiola jendeari bertako jainkoa gurtzen».

28. Etorri zen, beraz, Samariatik erbesteratu zituzten apaizetarik bat eta, Betelen finkatuz, Jauna nola gurtu irakasten zion jendeari.

29. Hala ere, jende arrotz hark, bizi zen hiri guztietan, nork bere jainkoen irudiak egin eta samariarrek muinoetan eraikitako jauretxeetan ezarri zituen.

30. Babiloniako jendeak Sukot-Benot bere jainkoaren irudia egin zuen, Kutekoek Nergal-ena, Hamatekoek Axima-rena,

31. Abakoek Nibhaz eta Tartak-enak; Sefarbaimgoek beren jainko Adram-Melek eta Anam-Meleken ohoretan beren seme-alabak erre ohi zituzten sutan.

32. Denbora berean, Jauna ere gurtu ohi zuten. Kultu-lekuetako apaizak izendatu zituzten beren artetik, muinoetako jauretxeetan apaiz-zerbitzua egin zezaten.

33. Horrela, beraz, gurtzen zuten Jauna; baina, erbesteratu baino lehen beren jatorrizko hirietan zituzten kultuen arabera, beren jainkoak ere gurtu ohi zituzten.

Israel lurraldeko egoera erlijiosoa

34. Egundaino eutsi diete beren ohitura zaharrei; ez dute gurtzen Jauna, ez dituzte betetzen honen arauak, ezta erabakiak ere; ez dute jokatzen Jaunak Jakoben ondorengoei emaniko lege eta aginduen arabera —Jakobi ezarri zion Jaunak Israel izena—.

35. Haiekin zuen egina Jaunak ituna eta haiei zien honako agindu hau emana: «Ez duzue beste jainkorik gurtuko; ez zarete halakoen aitzinean ahuspeztuko. Ez diezue kulturik emango, ez oparirik eskainiko.

36. Indar handiz eta esku ahaltsuz Egiptotik etorrarazi zintuzten Jauna gurtuko duzue eta honen aurrean ahuspeztuko zarete; berari eskainiko dizkiozue opariak.

37. Egunero bete behar dituzue berak zuentzat idatzi dituen arau, erabaki, lege eta aginduak. Eta ez duzue beste jainkorik gurtuko.

38. Ez ahaztu zuekin egin duen ituna. Ez duzue beste jainkorik gurtuko.

39. Jauna, zeuen Jainkoa, gurtuko duzue eta berak libratuko zaituzte etsai guztien eskuetatik».

40. Haiek, ordea, ez zuten entzun; alderantziz, antzinako beren usadioei eutsi zieten.

41. Jende hark, beraz, gurtu zuen Jauna, bai; baina bere idoloei ere eman zien kultua. Eta gurasoek bezalaxe egin zuten seme-alabek eta hauen ondorengoek ere; eta hori gaurdaino.