Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jerusalemen hondamena

1. Sedekiasen erregealdiko bederatzigarren urtean, hamargarren hilaren hamarrean, Babiloniako errege Nabukodonosor Jerusalemen kontra etorri zen gudaroste osoarekin eta setiatu egin zuen, inguru guztian harresia eraikiz.

2. Sedekias erregearen hamaikagarren urtea arte egon zen setiatua Jerusalem.

3. Urte hartan janaria ahitu zen hirian eta jendearen gosea izugarria zen. Laugarren hilaren bederatzian,

4. zuloa ireki zuten barrukoek harresian eta, gauez, hiriko gudari guztiek ihes egin zuten erregearen lorategi ondoan zegoen bi harresien arteko atetik, babiloniarrek setiaturik zeuden arren. Erregeak Araba aldera alde egin zuen.

5. Babiloniar gudarosteak, ordea, erregearen ondoren joan eta Jerikoko lautadan harrapatu zuen, beronekin ziren gudariak sakabanatu zirelarik.

6. Erregea atzeman ondoren, Riblara eraman zuten, Babiloniako erregearen aurrera. Honek epaia eman zion.

7. Sedekiasen semeei lepoa moztu zieten aitaren aurrean eta bera, begiak leherrarazi ondoren, Babiloniara eraman zuten, katez loturik.

Jaunaren etxea hondatu

8. Babiloniako Nabukodonosorren erregealdiko hemeretzigarren urtean, bosgarren hilaren zazpian, Nebuzaradan Babiloniako erregearen funtzionarioa eta guardiaburua etorri zen Jerusalemera.

9. Su eman zien Jaunaren etxeari, jauregiari eta Jerusalemgo etxeei, handikienei batez ere.

10. Eta guardiaburuarekin batera zetorren babiloniar gudarosteak Jerusalemgo harresia bota egin zuen.

11. Ondoren, Nebuzaradan guardiaburuak erbesteratu egin zituen hirian geldituak ziren bizilagunak, baita Babiloniako erregearen alde jarri zirenak eta gainerako jendea ere.

12. Herriko jende xehea baizik ez zuen utzi, alorrak eta mahastiak landu zitzaten.

13. Babiloniarrek zatikatu egin zituzten Jaunaren etxean zeuden brontzezko zutabeak, orgak eta uraska handia, eta Babiloniara eraman zuten brontzea.

14. Kulturako erabili ohi ziren brontzezko tresna guztiak ere hartu zituzten: eltzeak, palak, labanak, katiluak.

15. Guardiaburuak, gainera, urre nahiz zilar hutsezko tresnak hartu zituen: intsentsu-ontziak eta isipu-ontziak.

16. Ezin zen jakin zenbat pisatzen zuen Salomonek Jaunaren etxerako eginak ziren bi zutabeen, uraskaren eta orgen brontzeak.

17. Bi zutabeak berdinak ziren: bederatzina metro zuten gora, gainean metro eta erdiko kapitel bana, brontzezkoak, kapitel bakoitza brontzezko sare eta granadaz inguratua zelarik. Bi zutabeen apaingarriak ere berdinak ziren.

18. Guardiaburuak atxilotu egin zituen Seraias apaizburua, Sofonias apaiz laguntzailea eta hiru atezainak.

19. Hirian, berriz, gudarien arduradun zen ofizial bat, erregearen zerbitzura zeuden bost gizon, gudarien izenak hartzen zituen guda-idazkari bat eta beste hirurogei handiki atxilotu zituen, denak Jerusalemen gertatu baitziren.

20. Nebuzaradan guardiaburuak hartu eta Riblara eraman zituen, Babiloniako erregeagana,

21. eta honek bertan hilarazi, Hamat eskualdean.Honela erbesteratu zuten Judako jendea bere lurraldetik urruti.

Godalias, Judako gobernari

22. Babiloniako errege Nabukodonosorrek utziak zituen jende batzuk Judan; Ahikamen seme eta Xafanen biloba zen Godalias ezarri zien gobernari.

23. Judan gelditu ziren gudalburuak, Babiloniako erregeak Godalias gobernari ezarri zuela jakitean, honengana joan ziren Mitzpara beren gizon guztiekin. Hauek ziren gudalburuak: Netaniasen seme Ismael, Kareahen seme Johanan, Netofako Tanhumeten seme Seraias, eta Jaazanias, maakarra.

24. Godaliasek zin-hitz hau egin zien haiei eta haien gizonei: «Ez izan babiloniarrak zerbitzatzeko beldur. Gelditu herrialdean. Izan Babiloniako erregearen menpeko eta ongi joango zaizue».

25. Zazpigarren hilean, ordea, Netaniasen seme eta Elixamaren biloba Ismael, errege-jatorrikoa bera, Mitzpara joan zen hamar gizonekin eta hil egin zuen bertan Godalias, baita honekin ziren judatarrak eta babiloniarrak ere.

26. Orduan, jende guztia, txiki eta handi, eta gudalburuak Egiptora joan ziren ihesi, babiloniarren beldurrez.

Babiloniako erregeak Joiakini barkatu

27. Judako errege Joiakin, hogeita zazpi urtez gatibu egon ondoren, Ebil-Merodakek askatu egin zuen giltzapetik, Babiloniako errege egin zen urte berean, hamabigarren hilaren hogeita zazpian.

28. Onez hartu zuen Ebil-Merodakek Joiakin erregea eta Babilonian berekin zituen beste erregeak baino gorago jarri zuen.

29. Presondegiko jantziak erantzi eta, aurrerantzean, erregearen mahaian jan zuen beti, bere bizitza guztian.

30. Eguneroko janaria, beraz, erregeak eman zion bere bizitza guztian.