Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 26:2-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Saul Zif basamortura jaitsi zen, orduan, Israelgo hiru mila gizon aukeratu berekin zituela, Daviden bila.

3. Saulek Hakila mendixkan, basamortu-ertzean, bide ondoan ezarri zituen oihal-etxolak. Basamortu hartan zebilen David eta, Saul beraren bila zetorrela entzutean,

4. ikertzaileak bidali zituen, Saulen etorrera ziurtatzera.

5. Orduan, jaiki eta Saul etxolatua zegoen tokira heldu zen David, eta ikusi zuen non zeuden etzanik Saul eta Abner, Ner-en semea, gudarostearen buruzagia. Saul kanpalekuaren erdian zegoen etzana eta gainerako jendea haren inguruan zegoen etxolatua.

6. Davidek esan zien Ahimelek hititari eta Joaben anaia Tzeruiaren seme Abixairi:—Nor dator nirekin kanpalekura, Saulengana.—Neu noa zurekin —erantzun zion Abixaik.

7. Heldu ziren, bada, gauez David eta Abixai Saulen gudarostea zegoen tokira. Saul, kanpalekuaren erdian etzana, lotan aurkitu zuten eta lantza lurrean sartua bere buru ondoan. Abner eta gainerako jendea erregearen inguruan zeuden lo.

8. Abixaik esan zion Davidi:—Jainkoak zeure esku jarri dizu gaur etsaia. Uztazu lantza-kolpe batez lurrari josten; ez dut birritan jo beharrik izango.

9. Davidek ihardetsi zion Abixairi:—Ez hil! Ez litzateke zigorrik gabe geldituko Jaunaren gantzutuari eskua erantsiko liokeena.

10. Eta jarraitu zuen:—Ala Jainkoa! Jaunak berak joko du gizon hori, bere heriotzako ordua etor dakionean edota borrokaren batean hilko dutenean.

11. Ez diezazula Jaunak utz, berak gantzutu duenari eskua eransten. Hartu buru ondoan duen lantza eta ur-antoxina, eta goazen!

12. Hartu zituen, beraz, Davidek Saulen buru ondoan zegoen lantza eta ur-antoxina, eta alde egin zuten biek. Ez zituen inork ere ikusi, ez sumatu. Ez zen inor ere itzarri. Lo zeuden denak, Jaunak emaniko logaleak harturik.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 26