Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 25:24-39 Elizen Arteko Biblia (EAB)

24. Oinetaraino makurtuz, esan zion: «Neurea, bai, neurea dut errua, jauna! Uztazu, otoi, mintzatzen eta entzun zeure mirabe honen hitzak.

25. Arren, ez egin kasurik, ene jauna, Nabal maltzur-gaizto horri. Ongi emana du bere izena: zital deritza, eta zital hutsa da, izan ere. Nik ez nituen ikusi zuk bidalitako mutilak.

26. Baina, Jauna badela eta zu hemen zaudela bezain egia da Jaunak berak galarazi dizula odola isurtzea eta mendekua zeure eskuz egitea. Gerta bekie Nabali gertatuko zaiona, zu hondatu nahian dabiltzan etsaiei ere.

27. Har itzazu, ene jauna, ekarri dizkizudan esku-erakutsiak eta eman zeure mutilei.

28. Barka, otoi, zeure mirabe honen errua. Ondorengotza sendoa emanen dizu Jaunak, Jaunaren gudua ari baitzara egiten, eta bizitza osoan ez da okerkeriarik aurkitu zuregan.

29. Inoiz, norbaitek, zu hil nahian, erasotzen badizu, Jaunak, zure Jainkoak, ongi gordeko du zure bizia bere eskuetan. Zure etsaien biziak, aldiz, jaurti egingo ditu, harria habailaz bezala.

30. Esandako on guztiak emango dizkizu Jaunak eta zu, ene jauna, Israelen buruzagi eginen zaitu.

31. Ez dezazula orduan, ez kezkatu, ez damutu beharrik izan, odol errugabea isuri eta mendekua zeure eskuz egina duzulako. Jaunak ondasunez bete zaitzanean, oroit zaitez zeure mirabe honetaz».

32. Davidek ihardetsi zion Abigaili:—Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, zu gaur nire bidera bidali zaituelako!

33. Bedeinkatua zure zuhurtzia, bedeinkatua zeu ere, eragotzi egin baitidazu gaur odola isurtzea eta mendekua neure eskuz egitea.

34. Baina, ala Jauna, Israelen Jainkoa, zuri kalte egitea galarazi didana! Zu nire bidera bizkor etorri ez bazina, ez zen Nabalenean gizonezkorik bizirik geldituko egunsentirako.

35. Hartu zituen Davidek emakumeak ekarritakoak eta esan zion:—Igo bakean zeure etxera. Aditu dut zure ahotsa. Onartu dut zure eskaria.

36. Abigail Nabalengana itzuli zen. Egundoko afaria egiten ari zen hau bere etxean, errege-otordua adinakoa. Alai-alai zegoen Nabal eta arrunt mozkortua. Abigailek ez zion hitzik esan biharamun goiza arte;

37. argi-nabarrean, ordea, mozkorra joan zitzaionean, gertaturikoa jakinarazi zion Nabali. Bihotzekoak eman zion orduan Nabali, eta harria bezain gogor gelditu zen.

38. Hamar egun ingururen buruan, heriotzaz jo zuen Jaunak Nabal eta hil egin zen.

39. Nabal hila zela aditu zuelarik, esan zuen Davidek: «Bedeinkatua Jauna! Nire alde jokatu baitu Nabalek egin zidan irainaren aurrean. Okerra egitea galarazi dit; Nabali, berriz, gainera bota dio Jaunak bere gaiztakeria».Ondoren, mandatariak igorri zizkion Davidek Abigaili, emaztetzat hartu nahi zuela adieraziz.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 25