Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 25:16-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Babesle izan genituen, gau eta egun, beraien artean artzain ibili ginen bitarte guztian.

17. Pentsa ezazu eta ikusi zer egin behar zenukeen; bestela, erabakia baitago gure nagusiaren eta beronen etxe osoaren hondamendia. Maltzur-gaizto horrekin ezin baitu inork hitzik ere egin».

18. Abigailek, bizkor, hartu zituen berrehun ogi, bi zahagi ardo, bost ahari burruntzian erreak, bost arroa gari xigortu, ehun mahaspasa-mordo eta berrehun piku-opil eta astoen gainean ezarri zituen.

19. Gero, esan zien bere morroiei: «Zoazte nire aurretik; ni atzetik joango naiz».Bere senar Nabali ez zion ezer ere esan.

20. Asto baten gainean jarria, Abigail mendiko toki gordeetan behera zihoalarik, han non datorren beherantz David bere gizonekin emakumearen aldera. Bat-batean, aurrez aurre gertatu ziren.

21. Davidek hizketa hau zekarren: «Alferrik ari izan naiz basamortuan haren ondasun guztiak zaintzen, harenak batere ukitu gabe, on egina orain gaizki ordaintzeko!

22. Zigor dezala Jaunak gogor David, baldin eta horren etxekoen artean gizonezko bat ere bizirik uzten badut egunsentirako».

23. Abigail, David ikusi orduko, asto gainetik bizkor jaitsi eta makurtu egin zen Daviden aitzinean, lurreraino ahuspeztuz.

24. Oinetaraino makurtuz, esan zion: «Neurea, bai, neurea dut errua, jauna! Uztazu, otoi, mintzatzen eta entzun zeure mirabe honen hitzak.

25. Arren, ez egin kasurik, ene jauna, Nabal maltzur-gaizto horri. Ongi emana du bere izena: zital deritza, eta zital hutsa da, izan ere. Nik ez nituen ikusi zuk bidalitako mutilak.

26. Baina, Jauna badela eta zu hemen zaudela bezain egia da Jaunak berak galarazi dizula odola isurtzea eta mendekua zeure eskuz egitea. Gerta bekie Nabali gertatuko zaiona, zu hondatu nahian dabiltzan etsaiei ere.

27. Har itzazu, ene jauna, ekarri dizkizudan esku-erakutsiak eta eman zeure mutilei.

28. Barka, otoi, zeure mirabe honen errua. Ondorengotza sendoa emanen dizu Jaunak, Jaunaren gudua ari baitzara egiten, eta bizitza osoan ez da okerkeriarik aurkitu zuregan.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 25