Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 25:1-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Garai hartan, hil zen Samuel eta Israel osoa bildu zen hiletak egiteko. Ramako bere etxean ehortzi zuten.David Paran basamortura jaitsi zen.

2. Bazen Maonen bere ondasunak Karmelen zituen gizon bat. Gizon oso aberatsa zen, hiru mila ardi eta mila ahuntzen jabe. Ardi-moztera joana zen Karmelera.

3. Nabal deitzen zen gizon hura; Abigail zuen emaztea. Hau zentzuduna eta ederra zen; senarra, berriz, zakarra eta gaiztoa. Kaleben jatorrikoa zen.

4. Basamortuan zebilelarik, entzun zuen Davidek Nabal ardi-mozten ari zela

5. eta hamar mutil bidali zizkion, esanez: «Igo zaitezte Karmelera Nabalengana; egiozue nire izenean bake-agurra

6. eta esan: “Izan ongi! Bakea zurekin, bakea etxekoekin, bakea zurean diren guztiekin!

7. Ardi-mozten ari zarela entzun dut. Zure artzainak gurekin izan zirenean, ez genien inolako kalterik egin; Karmelen izan ziren bitarte guztian ez genien deus ere ukitu.

8. Galdegiezu zeure morroiei eta esango dizute. Orain, beraz, har itzazu ongi mutil hauek, egun egokian baitatoz. Eman, otoi, zeure zerbitzarioi eta David zeure adiskideari eskura duzuna”».

9. Daviden mutilek, heldu zirenean, hitz horiek esan zizkioten Nabali, Daviden izenean, eta zain gelditu ziren.

10. Nabalek, ordea, erantzun zien Daviden mutilei: «Nor da David hori? Nor da Jeseren seme hori? Gaur egun esklabo asko dabil bere jabearengandik ihesi.

11. Neure ogia, neure ura eta moztaileentzat hil ditudan abereen okela hartu eta nondik datorren ere ez dakidan jendeari eman behar al dizkiot?»

12. Itzuli ziren, beraz, Daviden mutilak beren bidetik eta, heldu zirenean, hori guztia adierazi zioten Davidi.

13. Honek, orduan, agindu zien bere mutilei: «Hartu nork bere ezpata gerrian!»Hartu zuen nork bere ezpata gerrian, eta Davidek ere bai berea. Laurehunen bat gizonek jarraitu zioten Davidi; beste berrehunak tresneria zaintzen gelditu ziren.

14. Morroietarik batek adierazi zion Nabalen emazte Abigaili: «Hara, Davidek mandatariak igorri ditu basamortutik, gure nagusiari bake-agurra egitera. Honek, ordea, zakar erantzun die.

15. Gizon haiek oso ongi jokatu zuten gurekin, ez ziguten inolako kalterik egin, eta ez ziguten deus ere ukitu larreetan haiekin ibili ginen bitartean.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 25