Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 23:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Behin batean, albiste hau eman zioten Davidi: «Filistearrak Keila hiriari erasoka ari dira eta larrainetako garia lapurtzen».

2. Davidek, orduan, kontsulta egin zion Jaunari:—Joango al naiz filistearrak menderatzera?Jaunak erantzun zion Davidi:—Zoaz, menderatuko baitituzu filistearrak eta askatuko Keila.

3. Davidekin zeuden gizonek, ordea, esaten zioten:—Hemen Judan beldurrez bagaude, zer izango ote da Keilara filistear taldeen kontra borrokara joaten bagara?

4. Davidek berriro egin zion kontsulta Jaunari. Jaunak erantzun:—Ea, jaitsi zaitez Keilara, zure esku utziko ditut-eta filistearrak.

5. Abiatu zen, bada, David bere gizonekin Keilarantz eta oldartu zitzaien filistearrei. Haien abere-taldeak hartu eta izugarrizko sarraskia egin zien. Horrela salbatu zituen Davidek Keilako bizilagunak.

6. Ahimeleken seme Abiatarrek, Davidengana ihes egin eta, gero, Davidekin Keilara jaitsi zenean, berekin zeraman efod apaiz-jantzia.

7. David Keilara etorria zelako berria eman ziotelarik, esan zuen Saulek: «Eskuetara eman dit Jaunak; bere burua giltzapetu du horrek, ate eta morroilodun hirian sartuz».

8. Bildu zituen, beraz, Saulek bere gizon guztiak borrokarako, Keilara jaitsi eta han David eta beronen gizonak inguratzeko asmoz.

9. Jakin zuen, ordea, Davidek bera hondatzeko prestatzen ari zela Saul, eta esan zion Abiatar apaizari:—Ekatzu efod apaiz-jantzia.

10. Ondoren, Davidek otoitz egin zuen:—Jauna, Israelen Jainkoa, Saul Keilara datorrela eta niregatik hiria hondatzeko asmotan dela entzun dut nik, zure morroi honek.

11. Haren esku utziko al naute Keilako bizilagunek? Egiaz jaitsiko al da Saul, nik, zure morroi honek, entzun dudan bezala? Jauna, Israelen Jainkoa, adierazi zeure zerbitzari honi.—Jaitsiko da, bai —erantzun zion Jaunak.

12. Davidek galdetu zion:—Eta Saulen eskuetara emango al gaituzte Keilako bizilagunek ni eta nire gizonak?—Emango zaituzte, bai —erantzun zion Jaunak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 23