Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 22:11-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Orduan, Ahituben seme Ahimelek apaiza eta beronen senitarte osoa, hau da, Nobeko apaizak, ekartzeko agindu zuen erregeak. Etorri ziren, bada, denak Saul erregeagana eta

12. honek esan zuen:—Adizu, Ahituben seme!Honek erantzun zion:—Hemen nauzu, jauna.

13. Saulek, orduan:—Zergatik ari zarete Jeseren semea eta biok nire kontra azpilanean? Ogia eta ezpata eman zenizkion; kontsulta egin zenion Jainkoari Davidi buruz, ea nire aurka jaiki eta zelatak ipiniko ote zizkidan. Horretan ari da, hain zuzen, orain.

14. Ahimelekek ihardetsi zion erregeari:—Nor duzu, guztien artean, David bezain zerbitzari zintzorik? Zeure suhi duzu, zeure zaintzaileen buru eta ospetsu zeure etxean.

15. Gaurkoa izan ote da, bada, berari buruz Jainkoari kontsulta egin diodan lehen aldia? Ezta inola ere! Errege jauna, ez leporatu niri, zeure zerbitzari honi, ezta ene aitaren senitarteko inori ere, halako asmo txarrik. Ez dakit nik deus ere, ez gutxi, ez asko, arazo horretaz.

16. Erregeak esan zion:—Zureak egin du, Ahimelek! Zureak eta zure aitaren senitarte osoarenak!

17. Orduan, erregeak agindu zien bere inguruan zutik zituen zaintzaileei:—Ea! Hil itzazue Jaunaren apaizok! Hauek ere lagundu egin baitiote Davidi: ihesi zihoala jakin eta ez zidaten aditzera eman.Erregearen zerbitzariek, ordea, ez zieten eskurik erantsi nahi izan Jaunaren apaizei, ez zituzten hil nahi izan.

18. Orduan, erregeak Doegi:—Ea! Hil itzak hik apaizak!Doeg edomdarrak jo eta hil egin zituen apaizak; lihozko efod-jantzia soinean zeramaten laurogeita bost gizaseme hil zituen egun hartan.

19. Gero, Nob apaiz-hirian, ezpataz hil zituen Saulek bertako gizaseme eta emakumeak, neska-mutiko eta bularreko haurrak, idi, asto eta ardiak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 22