Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 17:4-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Filistearren lerro artetik gizon adoretsu bat atera zen; Gat-ekoa zen eta Goliat zeritzan; ia hiru metroko gizona zen.

5. Brontzezko buru-babesa zeraman eta ezkatadun bularrekoa soinean; berrogeita hamar kilo baino gehiago zuen bularrekoak.

6. Zangoetan ere brontzezko babesak zeramatzan, eta bizkarrean brontzezko azkona.

7. Haren lantza-makilak ehulearen kakoa zirudien, eta lantzaren burdin muturra sei kilo baino gehiago zen. Aurretik ezkutaria zihoakion.

8. Tinko gelditu eta deiadar egin zien israeldar guda-lerrokoei, esanez:—Zergatik zatozte gudurako prestatuak? Filistearra nauzue ni, eta zuek Saulen morroiak. Aukera ezazue gizon bat eta jaitsi bedi niregana.

9. Nire aurka borrokatzeko gauza bada eta hiltzen banau, zuen morroi izanen gara. Baina ni berorren aurka borrokatzeko gauza izan eta hiltzen badut, zuek izanen zarete gure morroi, eta zerbitzatu egin beharko gaituzue.

10. Gero, esan zuen filistearrak:—Erronka hau botatzen dizuet gaur, israeldar guda-lerroetakooi! Bidal iezadazue gizon bat, eta ekin diezaiogun borrokari!

11. Aditu zituzten Saulek eta israeldar guztiek filistearraren hitz hauek, eta beldurrez eta dar-dar gelditu ziren.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 17