Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 17:33-47 Elizen Arteko Biblia (EAB)

33. Saulek Davidi:—Ezin izango haiz joan filistear hori borrokatzera. Mutil koskor bat baino ez haiz hi; hori, berriz, gaztetandik duk gudari.

34. Davidek Sauli:—Nik, zure zerbitzari honek, gure aitaren artaldea zaintzen nuenean, lehoi nahiz hartzen batek etorri eta artaldetik ardiren bat harrapatzen zidanean,

35. ondoren joaten nintzaion, jo eta hagin artetik kentzen nion. Eta erasotzen bazidan, kokospeko bizarretatik heldu eta joka akabatzen nuen.

36. Akabatua dut nik lehoi eta hartz bat baino gehiago. Filistear jentil arrotz hori ere haietako bat bezala izango da, gaur Jainko biziaren gudarosteari erronka egin diolako.

37. Gero, esan zuen:—Lehoi eta hartzen atzaparretatik atera izan nauen Jaunak aterako nau, oraingoan ere, filistear horren atzaparretatik.Saulek, orduan, Davidi:—Hoa, bada. Eta izan bedi Jauna hirekin!

38. Saulek bere jantziak ipini zizkion Davidi soinean; baita brontzezko buru-babesa eta bularrekoa ere.

39. Jantzien gainetik Davidek ezpata gerrian lotu zuenean, abiatu nahi izan zuen, baina alferrik, ez baitzegoen ohitua. Orduan, esan zion Sauli:—Honela ezin naiz ibili, ez nago ohitua.Eta erantzi egin zituen soinetik.

40. Hartu zuen eskuan bere makila, bost errekarri leun-leun aukeratu eta artzain-zorroko sakela batean gorde zituen. Hartu zuen habaila beste eskuan eta filistearraganantz hurbildu zen.

41. Filistearra ere bazetorren eta Davidengana hurbiltzen ari zen, ezkutaria aurretik zuela.

42. Filistearrak, begiratu eta David ikusi zuenean, gutxietsi egin zuen, mutil koskor ilehori eta apaina baitzen.

43. Filistearrak esan zion Davidi:—Zakurra ote nauk ni, makila harturik niregana etortzeko?Madarikatu egin zuen Goliatek David bere jainko guztien izenean,

44. eta esan zion:—Etor hakit, bai. Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango zieat hire haragia.

45. Davidek ihardetsi zion filistearrari:—Ezpataz, lantzaz eta azkonaz armatua zatozkit. Ba, ni Jaun ahalguztidunaren izenean natorkizu, zuk desafiatu dituzun israeldar gudarosteen Jainkoaren izenean.

46. Nire esku jarriko zaitu Jaunak gaur bertan. Hilko zaitut eta burua moztuko. Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango dizkiet gaur bertan filistear gudarien gorpuak. Honela, lur osoak jakinen du baduela Israelek Jainkoa.

47. Eta hemen bilduak diren guztiek jakinen dute, Jaunak ez duela behar ezpatarik, ez lantzarik gu salbatzeko, Jaunak baitu gudua erabakitzen. Gure esku jarriko zaituzte berak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 17