Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 17:27-44 Elizen Arteko Biblia (EAB)

27. Jendeak gauza bera erantzun zion:—Hau eta hau egingo diote hori hilko duenari.

28. Aditu zuen Eliab anaia zaharrenak David gizonekin hizketan ari zela eta, biziki haserreturik, esan zion:—Zertara etorri haiz? Nori utzi diok gure artalde koxkorra basamortuan? Bazekiat harroa haizena eta asmo txarrak dituana. Borroka ikustera etorri haiz hi!

29. Davidek ihardetsi zion:—Zer egin dut, bada? Hizketan ari nintzen, besterik ez.

30. Aldendu zen David eta beste batengana jo zuen, lehengo galdera bera eginez. Jendeak lehengo erantzun bera eman zion.

31. Davidek esandako hitzak aditu zituztelarik, Sauli jakinarazi zioten. Saulek etorrarazi

32. eta Davidek esan zion Sauli:—Ez bedi inor kikildu gizon horrengatik. Neu, zure zerbitzari hau, joango naiz filistear hori borrokatzera.

33. Saulek Davidi:—Ezin izango haiz joan filistear hori borrokatzera. Mutil koskor bat baino ez haiz hi; hori, berriz, gaztetandik duk gudari.

34. Davidek Sauli:—Nik, zure zerbitzari honek, gure aitaren artaldea zaintzen nuenean, lehoi nahiz hartzen batek etorri eta artaldetik ardiren bat harrapatzen zidanean,

35. ondoren joaten nintzaion, jo eta hagin artetik kentzen nion. Eta erasotzen bazidan, kokospeko bizarretatik heldu eta joka akabatzen nuen.

36. Akabatua dut nik lehoi eta hartz bat baino gehiago. Filistear jentil arrotz hori ere haietako bat bezala izango da, gaur Jainko biziaren gudarosteari erronka egin diolako.

37. Gero, esan zuen:—Lehoi eta hartzen atzaparretatik atera izan nauen Jaunak aterako nau, oraingoan ere, filistear horren atzaparretatik.Saulek, orduan, Davidi:—Hoa, bada. Eta izan bedi Jauna hirekin!

38. Saulek bere jantziak ipini zizkion Davidi soinean; baita brontzezko buru-babesa eta bularrekoa ere.

39. Jantzien gainetik Davidek ezpata gerrian lotu zuenean, abiatu nahi izan zuen, baina alferrik, ez baitzegoen ohitua. Orduan, esan zion Sauli:—Honela ezin naiz ibili, ez nago ohitua.Eta erantzi egin zituen soinetik.

40. Hartu zuen eskuan bere makila, bost errekarri leun-leun aukeratu eta artzain-zorroko sakela batean gorde zituen. Hartu zuen habaila beste eskuan eta filistearraganantz hurbildu zen.

41. Filistearra ere bazetorren eta Davidengana hurbiltzen ari zen, ezkutaria aurretik zuela.

42. Filistearrak, begiratu eta David ikusi zuenean, gutxietsi egin zuen, mutil koskor ilehori eta apaina baitzen.

43. Filistearrak esan zion Davidi:—Zakurra ote nauk ni, makila harturik niregana etortzeko?Madarikatu egin zuen Goliatek David bere jainko guztien izenean,

44. eta esan zion:—Etor hakit, bai. Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango zieat hire haragia.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 17