Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 1:3-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Urtero igo ohi zen Elkana bere herritik Xilora, Jaun ahalguztidunari gurtza egin eta opariak eskaintzera. Santutegi hartan Hofni eta Pinhas Eliren bi semeak ziren Jaunaren apaiz.

4. Oparia eskaintzen zuen egunean, Elkanak bere emazte Peninari eta honen seme-alaba guztiei oparigaiaren zati bana eman ohi zien.

5. Anari, berriz, puska berezia eskuratzen zion, oso maitea baitzuen, nahiz eta Jaunak haurrik ematen ez zion.

6. Peninak, arerioak, gogorki iraindu eta nahigabetu ohi zuen Ana, Jaunak haurrik ematen ez ziolako.

7. Eta halaxe urte oroz: Jaunaren etxera igotzeko zen aldi bakoitzeko iraindu ohi zuen. Anak negarrari eman eta jan ere ez zuen egiten.

8. Hortan, honela mintzatu zitzaion Elkana bere senarra:—Ana, zergatik ari zara negarrez eta ez duzu jaten? Zergatik zaude goibel? Ez al naiz, bada, ni zuretzat hamar seme baino hobe?

9. Xilon otordu sakratua egin ondoren, jaiki zen Ana. Eli apaiza bere aulkian eseria zegoen, Jaunaren etxeko atari aurrean.

10. Ana oso nahigabetua zegoen, eta negar-malkotan otoitz egin zion Jaunari.

11. Promes hau egin zion: «Jaun ahalguztiduna, begira zeure mirabe honen atsekabeari. Oroit zaitez nitaz. Ez ahaztu zeure mirabe hau. Jauna, semea ematen badidazu, zeuri eskainiko dizut bizitza osorako. Labanak ez du haren ile-adatsa moztuko».

12. Luze ari izan zitzaion Ana otoitzean Jaunari. Elik, bitartean, ahora begiratzen zion.

13. Ana, ordea, berekiko mintzo zen; ezpainak erabiltzen zituen, bai, baina ez zitzaion ahotsa aditzen. Horregatik, mozkortzat hartu zuen Elik,

14. eta esan zion:—Noiz arte egon behar duzu mozkor? Bota ezazu barruko ardo hori!

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 1