Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 1:12-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Luze ari izan zitzaion Ana otoitzean Jaunari. Elik, bitartean, ahora begiratzen zion.

13. Ana, ordea, berekiko mintzo zen; ezpainak erabiltzen zituen, bai, baina ez zitzaion ahotsa aditzen. Horregatik, mozkortzat hartu zuen Elik,

14. eta esan zion:—Noiz arte egon behar duzu mozkor? Bota ezazu barruko ardo hori!

15. Anak ihardetsi zion:—Ez, ene jauna. Erabat nahigabetua nauzu. Ez dut ardorik edan, ezta inolako edari mozkorgarririk ere. Neure barrua hustu dut Jaunaren aurrean.

16. Ez nazazu har emakume txartzat. Neure atsekabe handiaz, neure nahigabeaz, mintzatu natzaio Jaunari orain arte.

17. Orduan, esan zion Elik:—Zoaz bakean, eta eman diezazula Israelen Jainkoak eskatutakoa.

18. Anak, orduan:—Izan dezadala neurekin zure onginahia.Joan zen emakumea bere bidetik, eta jan zuen; haren begitarteak ez zirudien lehengoa.

19. Biharamunean goizean jaiki eta, Jaunaren aurrean ahuspeztu ondoren, Ramara itzuli ziren, beren etxera. Elkartu zitzaion Elkana bere emazte Anari, eta oroitu zen honetaz Jauna.

20. Haurdun gertatu zen Ana eta, garaia betetzean, semeaz erdi zen. Samuel eman zion izena, esanez: «Jaunarengandik dut hartua».

21. Elkana, bere etxekoekin, Jaunari urteroko oparia eskaintzera eta promesa betetzera igo zen hurrengo urtean ere;

22. Ana ez zen igo eta esan zion senarrari:—Ez naiz joango haurrari bularra kendu arte; orduan, eraman eta Jaunari aurkeztuko diot, eta han geldituko da betiko.

23. Elkanak, senarrak, erantzun zion:—Egizu egokien iruditzen zaizuna. Geldi zaitez haurrari titia kendu arte. Bete beza Jaunak bere hitza!Horrela bada, gelditu egin zen emakumea eta bere haurra hazi zuen, bularra kendu arte.

24. Bularra kendu ziolarik, berekin eraman zuen Anak haurra, txikia oraino, Xilora, Jaunaren etxera. Haurrarekin batera, hiru urteko zekorra, anega bat ogi-irin eta zahagi bat ardo eraman zituen.

25. Hil zuten zekorra opari eskaintzeko, eta haurra Eliri eraman zioten.

26. Honela ziotson Anak: «Barka, ene Jauna! Neu nauzu zure aurrean Jaunari otoizka ari izan zitzaion emakumea.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 1