Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 12:22-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

22. Asko lagundu zieten Davidi eta gudari-taldeari, gizon adoretsuak baitziren denak; horregatik, gudalburu izatera heldu ziren.

23. Egunero laguntzaile berriak zetozen Davidengana, eta honen gudarostea ezin konta ahalakoa egin zen.

24. Anitz gudari bildu zen Davidengana Hebronen, borrokarako trebatuak, Saulen erregetza Davidi emateko, Jaunak agindu bezala. Hona hemen gizon haien kopurua:

25. Judaren leinuko sei mila eta zortziehun gizon, babeski eta lantzaz hornituak eta gudurako trebatuak;

26. Simeonen leinuko zazpi mila eta ehun gizon, borrokarako adoretsu;

27. Lebiren leinuko lau mila eta seiehun gizon eta,

28. gainera, Joiada, Aaronen ondorengoen buru zena, bere hiru mila eta zazpiehun gizonekin;

29. baita Tzadok ere, gizon gazte eta adoretsua bera, bere senitarteko hogeita bi buruzagirekin;

30. Benjaminen leinuko, hau da, Saulen beraren leinuko, hiru mila gizon, hauetarik gehienak ordu arte Saulen etxearen zerbitzura egonak ziren arren;

31. Efraimen leinuko hogei mila eta zortziehun gizon adoretsu, eta izen handiko nor bere senitartean;

32. mendebaldean bizi ziren Manasesen leinu erdiko hemezortzi mila gizon; hauek izendatu zituzten, David errege ezartzera etor zitezen;

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 12