Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Daviden lehen lagunak

1. Davidi, Kixen seme Saulengandik urruti ibili behar izan zuen aldi haietan, zenbait gizon bildu zitzaion Tziklagen. Haren gudari adoretsuen artekoak ziren eta guduan lagun zituen.

2. Arkulariak ziren, geziak nahiz harriak jaurtitzen trebeak, nola eskuinez hala ezkerrez.Hona hemen, Saul bezala, Benjaminen leinuko ziren gudariak:

3. Ahiezer, buruzagia, eta honen anaia Joax, Gibako Xemaaren semeak; Jeziel eta Pelet, Azmabeten semeak; Beraka eta Anatoteko Jehu;

4. Gabaongo Ixmaias, hogeita hamar gudari haietakoa eta beraien buruzagia;

5. Jeremias, Jahaziel, Johanan eta Gederako Jozabad;

6. Eluzai, Jerimot, Bealias, Xemarias eta Harufeko Xefatias;

7. Elkana, Ixias, Azarel, Joezer, Jaxobeam, Korahen ondorengoetarikoak;

8. Joela eta Zebadias, Gedorko Jerohamen semeak.

9. Gaden leinuko batzuk ere, beren leinua utzirik, Davidi bildu zitzaizkion basamortuko gordelekuan. Gizon ausartak ziren, gudari trebeak, babeski eta lantzaz armatuak; lehoiak bezain beldurgarriak eta mendiko gazelak bezain bizkorrak.

10. Buruzagia Ezer zen, hurrengoa Obadias, hirugarrena Eliab,

11. laugarrena Mixmana, bosgarrena Jeremias,

12. seigarrena Atai, zazpigarrena Eliel,

13. zortzigarrena Johanan, bederatzigarrena Elzabad,

14. hamargarrena Jeremias eta hamaikagarrena Makbanai.

15. Hauek ziren Gaden leinutik etorritako gudalburuak; haietarik txikienak ehunek adina balio zuen, eta handienak milak adina.

16. Behin batez, Jordan ibaia igaro zuten gudari hauek urteko lehen hilabetean, ibaiak alde guztietatik gainez egiten duen garaian, eta ihes eragin zieten ekialdera nahiz mendebaldera dauden haranetako bizilagunei.

17. Beste batean, Benjamin eta Judaren leinuetako gizon batzuk etorri zitzaizkion Davidi bere gordelekura.

18. Atera zitzaien David bidera eta esan zien: «Adiskide gisa baldin bazatozkidate eta niri laguntzeko asmoz, bihotz-bihotzez hartuko zaituztet; baina, nik inolako gogorkeriarik egin gabe, ni etsaiari saltzeko asmoz bazatozte, ikus dezala gure arbasoen Jainkoak eta zigor zaitzatela».

19. Amasaik, hogeita hamar gudarien buruzagiak, espirituaren eraginez, esan zuen:«Zeurekin gaituzu, David,zeurekin, Jeseren seme!Bakea, bakea zuretzat,bakea laguntzen dizunarentzat,zeure Jainkoa baituzu laguntzaile».Orduan, Davidek onartu egin zituen eta gudalburuen artean hartu.

20. Manasesen leinuko batzuk ere Daviden aldera igaro ziren, filistearrekin batera Saulen kontra borrokatzera zihoanean. Baina Davidek eta bere gizonek ezin izan zieten filistearrei lagundu; izan ere, hizketatu ondoren, filistearren buruzagiek bidali egin zuten David, beraien kontra jarri eta bere lehengo jaun Saulengana igaroko zela pentsatuz.

21. David Tziklagera itzuli zenean, berarekin joan ziren Manasesen leinuko hauek: Adnah, Jozabad, Jediael, Mikael, Jozabad, Elihu eta Tziletai; milana gizonen buru ziren hauek Manasesen leinuan.

22. Asko lagundu zieten Davidi eta gudari-taldeari, gizon adoretsuak baitziren denak; horregatik, gudalburu izatera heldu ziren.

23. Egunero laguntzaile berriak zetozen Davidengana, eta honen gudarostea ezin konta ahalakoa egin zen.

Davidengana bildutakoen zerrenda

24. Anitz gudari bildu zen Davidengana Hebronen, borrokarako trebatuak, Saulen erregetza Davidi emateko, Jaunak agindu bezala. Hona hemen gizon haien kopurua:

25. Judaren leinuko sei mila eta zortziehun gizon, babeski eta lantzaz hornituak eta gudurako trebatuak;

26. Simeonen leinuko zazpi mila eta ehun gizon, borrokarako adoretsu;

27. Lebiren leinuko lau mila eta seiehun gizon eta,

28. gainera, Joiada, Aaronen ondorengoen buru zena, bere hiru mila eta zazpiehun gizonekin;

29. baita Tzadok ere, gizon gazte eta adoretsua bera, bere senitarteko hogeita bi buruzagirekin;

30. Benjaminen leinuko, hau da, Saulen beraren leinuko, hiru mila gizon, hauetarik gehienak ordu arte Saulen etxearen zerbitzura egonak ziren arren;

31. Efraimen leinuko hogei mila eta zortziehun gizon adoretsu, eta izen handiko nor bere senitartean;

32. mendebaldean bizi ziren Manasesen leinu erdiko hemezortzi mila gizon; hauek izendatu zituzten, David errege ezartzera etor zitezen;

33. Isakarren leinuko berrehun buruzagi, beren menpe zituzten ahaide guztiekin; aldian aldiko gorabeherak aztertzen iaioak ziren hauek, Israelek zer egin behar zuen jakiteko;

34. Zabulonen leinuko berrogeita hamar mila gudari trebe, era guztietako armez eta, denek elkar harturik, ausarki borrokatzeko prest;

35. Neftaliren leinuko mila gudalburu eta hogeita hamazazpi mila gizon, babeskiz eta lantzaz armatuak;

36. Danen leinuko hogeita zortzi mila eta seiehun gizon, gudurako prest;

37. Axerren leinuko berrogei mila gizon, borrokara ateratzeko prest;

38. Jordan ibaiaz ekialdera bizi ziren Rubenen eta Gaden leinuetako eta Manasesen beste leinu erdiko ehun eta hogei mila gizon, era guztietako armez gudukatzeko prest.

David, Israel osoaren errege izendatua

39. Gudari hauek guztiak, guda-lerrotan antolatu eta erabaki sendoa harturik, Hebronera etorri ziren, David Israel osoaren errege izendatzera. Gainerako israeldarrak ere bat zetozen David errege izendatzeko.

40. Hiru egun eman zituzten Davidekin, beren ahaideek prestatua zieten janaritik harekin jan eta edanez.

41. Inguruetako jendeak, baita urrutiago bizi ziren Isakar, Zabulon eta Neftaliren leinuetakoek ere, janaria ekarri zieten asto, gamelu, mando eta idiz: irina, piku-opilak, mahaspasak, ardoa, olioa, behi eta ardi ugari, israeldarrak bozkarioz beterik baitzeuden.