Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 8:6-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Apaizek bere tokian ezarri zuten Jaunaren itun-kutxa, tenpluko santutegian, hau da, toki santu-santuan, hegaldun izakien hegalpean.

7. Izan ere, kutxa zegoen tokiaren gainera zabalduak zituzten hegaldun izaki haiek beren hegoak, kutxa eta honen hagak gainetik estaliz.

8. Haga hauek luzeak zirenez, berauen muturrak santutegiaren aurrean zegoen sala handitik ikus zitezkeen, baina kanpotik ez. Han daude gaurdaino.

9. Kutxan ez zegoen, Horeb mendian Moisesek bertan ipini zituen bi harlauzak baizik, Egiptotik irten ondoren Jaunak israeldarrekin eginiko itunaren harlauzak, alegia.

10. Apaizak santutegitik ateratzean, lainoak bete zuen Jaunaren etxea.

11. Apaizak ezin ziren han egon beren eginkizuna betetzen laino hura zela eta; izan ere, Jaunaren aintzak bete zuen Jaunaren etxea.

12. Orduan, Salomonek esan zuen:«Jauna,ilunpean biziko zinela esan zenuen,

13. Baina nik etxe bikaina eraiki dizut,betiereko zure bizileku».

14. Israeldarren biltzar osoa zutik zegoen. Erregeak, haiengana itzulirik, biltzarra bedeinkatu zuen,

15. esanez: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, bete baitu gure aita Davidi hitzemanikoa:

16. “Neure herri Israel Egiptotik atera nuen egunetik ez dut Israelgo leinu guztien artean inongo hiririk hautatu, nire egoitza izango zen etxea egin ziezadaten; baizik eta David aukeratu nuen, ene herri Israelen buruzagi izan zedin”.

17. Gure aita Davidek izan zuen Jaunarentzat, Israelen Jainkoarentzat, tenplua eraikitzeko asmoa.

18. Jaunak, ordea, esan zion gure aita Davidi: “Asmo ona izan duzu zeure bihotzean, niretzat etxea eraikitzekoa.

19. Alabaina, ez didazu zuk eraikiko etxea, zure erraietatik sortutako semeak baizik”.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 8