Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 8:51-58 Elizen Arteko Biblia (EAB)

51. Zeure herri baituzu Egiptotik, burdin labe goritik bezala, atera zenuen ondare hau.

52. «Hartzazu, beraz, onez zeure zerbitzari honen eskaria eta zeure herri Israelen otoitza; entzun iezaiezu dei eginen dizuten bakoitzean.

53. Izan ere, Jainko Jauna, lurreko herri guztien artetik ondaretzat bereizi baitzenituen, zeure zerbitzari Moisesen bitartez esan zenuen bezala, gure gurasoak Egiptotik atera zenituenean».

54. Jaunari, aldare aurrean belauniko, otoitz eta eskari hauek zuzendu ondoren, Salomonek, jaiki eta eskuak zerurantz luzatuz,

55. israeldarren biltzar osoa bedeinkatu zuen, ahots handian esanez:

56. «Bedeinkatua Jauna, hitzeman bezala bere herri Israeli atsedena eman diolako! Ez du bete gabe utzi bere zerbitzari Moisesen bitartez emaniko hitz on bat ere.

57. Izan bedi gurekin Jauna, gure Jainkoa, gure gurasoekin izan zen bezala. Ez gaitzala utz, ez baztertu;

58. baizik eta beregana dezala gure bihotza, gu beraren bidean ibil gaitezen eta gure gurasoei eman zizkien agindu, lege eta erabakiak bete ditzagun.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 8