Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 8:47-60 Elizen Arteko Biblia (EAB)

47. Orduan, eramango dituzten lurralde horretan, beren baitan hausnartuz, zuregana itzuli eta beren menderatzaileen lurraldean otoitz egingo dizute esanez: “Bekatu egin dugu, gaiztakeria egin dugu, errudun gara!”

48. Horrela, etsaiek atzerriratuko dituzten lurralde horretan, beren bihotz osoz eta gogo guztiz zuregana itzuli eta beren gurasoei eman zenien lurralderantz begira, zuk hautatu duzun hirirantz begira eta nik eraiki dizudan tenplurantz begira otoitz egiten badizute,

49. entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, beraien otoitza eta eskaria, eta egiezu zuzenbide.

50. Barkatu zeure herriari zure kontra egin duen bekatua, zure kontra egin dituen bihurrikeria guztiak, eta egizu menderatzaileek har dezatela errukiz, urrikal daitezela hartaz.

51. Zeure herri baituzu Egiptotik, burdin labe goritik bezala, atera zenuen ondare hau.

52. «Hartzazu, beraz, onez zeure zerbitzari honen eskaria eta zeure herri Israelen otoitza; entzun iezaiezu dei eginen dizuten bakoitzean.

53. Izan ere, Jainko Jauna, lurreko herri guztien artetik ondaretzat bereizi baitzenituen, zeure zerbitzari Moisesen bitartez esan zenuen bezala, gure gurasoak Egiptotik atera zenituenean».

54. Jaunari, aldare aurrean belauniko, otoitz eta eskari hauek zuzendu ondoren, Salomonek, jaiki eta eskuak zerurantz luzatuz,

55. israeldarren biltzar osoa bedeinkatu zuen, ahots handian esanez:

56. «Bedeinkatua Jauna, hitzeman bezala bere herri Israeli atsedena eman diolako! Ez du bete gabe utzi bere zerbitzari Moisesen bitartez emaniko hitz on bat ere.

57. Izan bedi gurekin Jauna, gure Jainkoa, gure gurasoekin izan zen bezala. Ez gaitzala utz, ez baztertu;

58. baizik eta beregana dezala gure bihotza, gu beraren bidean ibil gaitezen eta gure gurasoei eman zizkien agindu, lege eta erabakiak bete ditzagun.

59. Izan bitza gau eta egun bere aurrean Jaunak, gure Jainkoak, nik egin dizkiodan eskariok. Erabaki beza beti nire alde eta bere herri Israelen alde, eguneroko beharretan.

60. Horrela, jakin dezatela lurreko herri guztiek Jauna Jainko dela, eta ez dela besterik.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 8