Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 8:26-42 Elizen Arteko Biblia (EAB)

26. Beraz, oi Israelen Jainko, bete ezazu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, eman zenion hitza.

27. «Baina egia ote, Jainkoa lurrean biziko dela? Zeru eta ortziaren zabalak ezin zaitu eduki, eta nik eraiki dizudan tenplu honek eduki ote zaitzake, bada?

28. Hala ere, Jauna, ene Jainkoa, adi ezazu zeure zerbitzari honen otoitza eta eskaria; entzun gaur zure aurrean egiten dudan oihua eta erregua.

29. Begira etxe honi gau eta egun, zure bizilekua berau izanen dela esan baituzu. Entzun, zure zerbitzariak toki honetarantz begira eginiko otoitza.

30. Entzun, arren, zure zerbitzari honek eta zure herri Israelek toki honetarantz begira zuzenduriko eskaria. Entzun bizi zaren toki horretatik, zerutik. Entzun eta barkatu.

31. «Baten batek bere lagun hurkoari kalte egin eta honek madarikaziopean zin egitera behartuko balu, eta hau tenplu honetako zure aldare aurrean zin egitera etorriko balitz,

32. entzun zuk zerutik eta erabaki bien arteko auzia: gaitzetsi erruduna, bere jokabide okerra egotziz, eta agertu zein den zuzena, bere jokabide zuzenaren arabera hartuz.

33. «Zure herri Israel, zure aurka bekatu egiteagatik etsairen batek menderatzean, zuregana itzultzen bada eta, zuri dei eginez, tenplu honetan eskatu eta otoitz egiten badizu,

34. entzun zuk zerutik, barkatu zeure herri Israelen bekatua, eta itzularazi beraren arbasoei eman zenien lurraldera.

35. «Herriak zure kontra bekatu egin duelako zerua itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badute, eta zuk emaniko zigorrarengatik beren bekatuaz damutzen badira,

36. entzun zuk zerutik, barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi ibili behar duten bide zuzena, eta isurarazi euria zeure herriari ondaretzat eman zenion lurrera.

37. «Lurralde honetan gosea edota izurritea izatean, gorrinak nahiz herdoilak, larrapoteak nahiz harrak jotzean, etsaiak hiriren batzuei erasotzean, edonolako ezbehar nahiz gaitzalditan,

38. norbaitek nahiz Israel zeure herri osoak, bihotzean daukan okerraz oharturik, tenplu honetarantz eskuak luzatuz, edozein otoitz nahiz eskari egiten badizu,

39. entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta barkatu. Egizu har dezala nork bere jokaeraren ordaina, ongi baitakizu halakoaren barruaren berri; izan ere, zuk bakarrik dakizu gizon-emakume guztien barruaren berri.

40. Horrela, begirune izanen dizute, gure gurasoei eman zenien lurrazalean biziko diren bitartean.

41. «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat

42. —izan ere adituko dute zure izen handiaren, zure egintza ahaltsuen berri— tenplu honetara otoitz egitera etortzen bada,

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 8