Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 14:1-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Aldi hartan gaixotu egin zitzaion Jeroboami bere seme Abias.

2. Jeroboamek esan zion emazteari:—Tira, jantzi zaitez Jeroboamen emaztea zarela ez igartzeko eran eta zoaz Xilora. Han duzu Ahias, herri honen erregea izango nintzela iragarri zidan profeta.

3. Hartu hamar ogi, sutopil batzuk eta ontzi bat ezti, eta zoaz harengana. Hark esango dizu zer gertatuko zaion mutikoari.

4. Horixe egin zuen Jeroboamen emazteak: Xilora abiatu eta heldu zen Ahiasen etxera. Ahiasek ezin zuen ikusi, zaharraren zaharrez itsutua baitzegoen.

5. Jaunak, ordea, esan zion: «Jeroboamen emaztea datorkizu, gaixorik duen semeari zer gertatuko zaion galdetzera. Hau eta hau erantzun behar diozu. Beste baten itxurak eginez etorriko zaizu».

6. Ahiasek, emakumearen oin-hotsak ate ondoan sumatzean, esan zion:—Sar zaitez, Jeroboamen emazte hori. Zergatik zatozkit itxuraldatua? Berri txarra eman behar dizut Jaunaren izenean.

7. Esaiozu Jeroboami: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik goratu zaitut jendearen artetik, ene herri Israelen buruzagi eginez.

8. Nik kendu nien erregetza Daviden ondorengoei, zuri emateko. Zu, ordea, ez zara nire zerbitzari Daviden antzeko izan. Hark bete zituen nire aginduak eta bihotz osoz jarraitu zidan, niri atsegin zaidana baizik ez eginez.

9. Zure aurretik izan direnek baino gaiztakeria handiagoa egin duzu, sasijainkoak eta irudiak eginez, ni haserrarazteko. Niri, berriz, bizkarra eman didazu.

10. Horregatik, zoritxarra ekarriko diot Jeroboamen etxeari; Jeroboamen etxeko gizasemeak oro suntsituko ditut, libre nahiz esklabo, Israel osoan. Desagerraraziko ditut Jeroboamen ondorengoak, simaurra erabat desagerrarazi ohi den bezala.

11. Jeroboamen etxekoren bat, hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute; landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute. Hala esan du Jaunak».

12. Zu, berriz, emakume, zoaz etxera. Zure oinak hirian sartuko diren une berean hilko da mutikoa.

13. Israel osoak eginen dio dolu. Hau bai, hau hilobiratuko dute; Jeroboamen etxekoen artetik horixe bakarra hilobiratuko dute, Jaunak, Israelen Jainkoak, horrexengan izan ezik, ez baitu Jeroboamen senitarteko beste inorengan deus onik aurkitu.

14. Jeroboamen ondorengotza suntsiaraziko duen erregea sortuko du Jaunak Israelen gaur bertan. Zer gaur bertan? Oraintxe bertan

15. astinduko du Jaunak Israel! Uretan dardaratzen den kanabera bezala izango da. Beraien gurasoei eman zien lurralde eder honetatik bota egingo ditu israeldarrak eta Eufrates ibaiaz beste aldean barreiatuko. Izan ere, israeldarrek zutoin sakratuak egin dituzte eta Jauna haserrarazi.

16. Jeroboamek egin dituen eta Israeli eginarazi dizkion bekatuengatik Jaunak utzi egingo du Israel eskutik.

17. Orduan, Jeroboamen emaztea joan egin zen, eta Tirtza hirira heltzean, etxeko atetik sartzen ari zelarik, mutikoa hil egin zen.

18. Ehortzi zuten eta Israel osoak egin zion dolu, Jaunak bere zerbitzari Ahias profetaren bidez esana zuen bezala.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 14