Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 11:7-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Jerusalemen aurrez aurre dagoen mendian kultu-leku bana eraiki zien Kemox-i, moabdarren sasijainko nardagarriari, eta Milkomi, amondarren sasijainko higuingarriari.

8. Orobat bere emazte atzerritar guztien jainkoei ere, emazte haiek beren jainkoei intsentsua eta sakrifizioak eskain ziezazkieten.

9. Haserretu zitzaion Jauna Salomoni, honek bere bihotza Jaunarengandik, Israelen Jainkoarengandik, aldendu zuelako. Bi bider agertua zitzaion,

10. eta agindua zion, hain zuzen ere, ez zezala jo jainko atzerritarrengana; hark, ordea, ez zuen bete Jaunak agindua.

11. Orduan, esan zion Jaunak Salomoni: «Horrela jokatu duzulako, nire ituna, nik emaniko aginduak gorde ez dituzulako, hara: kendu eginen dizut erregetza eta zure zerbitzarietako bati emanen diot.

12. Hala ere, zuen aita Davidengatik, ez dizut kenduko zu bizi zaren artean. Zure semeari kenduko diot.

13. Eta erreinu osoa ere ez diot kenduko; ene zerbitzari Davidengatik eta hautatu dudan Jerusalemengatik, leinu bat utziko diot zure semeari».

14. Etsai bat sortu zion Jaunak Salomoni: Hadad edomdarra, Edomgo erregearen jatorrikoa.

15. Antzina, Davidek Edom lurraldea menderatu zuenean, haren gudalburu Joabek, israeldar hilei lur ematera joan zelarik, hil egin zituen Edomgo gizaseme guztiak.

16. Joab eta israeldarrak sei hilabetez geldituak ziren bertan, Edomgo gizaseme guztiak suntsitu arte.

17. Hadad, ordea, mutiko gazte zelarik, ihesi joan zen Egiptora, bere aitaren zerbitzari ziren edomdar batzuekin.

18. Madiandik atera eta Paranera heldu ziren; Parango gizon batzuek berekin hartu eta Egiptora jo zuten, hango errege faraoiagana. Honek etxebizitza eman zion Hadadi, baita janaria eta lurzati bat ere.

19. Oso begikoa izan zuen faraoiak Hadad, eta bere emaztearen ahizpa eman zion emaztetzat, hau da, Tahpene erreginaren ahizpa.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 11