Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 11:25-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

25. Salomon bizi izan zen artean, Israelen etsai izan zen Rezon hura.Hadadek ere kalte handiak egin zituen; gorroto izan zuen Israel. Edomgo errege izan zen.

26. Jeroboam, Salomonen zerbitzaria, Nebaten semea, Tzeredako efraimdarra zen; Tzerua izeneko alargun bat zuen ama. Erregearen kontra jaiki zen Jeroboam.

27. Hona zergatik: Miloko betelana egiten ari zen Salomon eta bere aita Daviden Hiriko harresietako etena ixten.

28. Jeroboam gizon adoretsu eta indartsua zen; gizon gazte hark lana nola egiten zuen ikustean, Salomonek Joseren leinuko langile behartu guztien arduradun ipini zuen.

29. Behinola, Jeroboam Jerusalemdik atera zen batean, Xiloko Ahias profetak aurkitu zuen bidean; soingaineko berria zeraman honek soinean. Biak bakarrik gertatu ziren landan.

30. Ahiasek jantzia zeraman soingaineko berria hartu, hamabi zati egin

31. eta esan zion Jeroboami: «Hartu hamar zati; hau baitio Jaunak, Israelen Jainkoak: “Zatitu eginen diot Salomoni erreinua, eta zuri hamar leinu emango.

32. Leinu bakarrarekin geldituko da hura, eta hori ere David ene zerbitzariagatik eta Israelgo hiri guztien artetik hautatu dudan Jerusalem hiriarengatik.

33. Izan ere, utzi egin naute israeldarrek eta sasijainkoak adoratu dituzte: Astarte sidondarren jainkosa, Kemox moabdarren jainkoa eta Milkom amondarren jainkoa. Ez dira nire bideetan ibili, niri atsegin zaidana eginez, nire lege eta erabakiak betez, beren aita Davidek bete zituen bezala.

34. Hala ere, ez diot erreinu osoa kenduko eskutik; bizi den bitartean buruzagitzan eutsiko diot, nik aukeratu nuen David neure zerbitzariagatik; hark bai bete zituela nire aginduak eta legeak.

35. Salomonen semeari kenduko diot erreinua eskutik, eta zuri hamar leinu emango dizkizut.

36. Haren semeari leinu bakarra utziko diot; horrela, neure egoitza izateko aukeratu nuen hirian, Jerusalemen, ene zerbitzari Davidek argi-zuzi bat izanen du beti nire aurrean.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 11