Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 6:7-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. «Otoitz egitean, ez ari esan eta esan, jentilek ohi duten bezala, uste baitute beren hitz-jarioari esker entzungo diela Jainkoak.

8. Ez izan horien antzeko, bai baitaki zuen Aitak zeren beharra duzuen, zuek eskatu baino lehen.

9. Zuek, egizue otoitz honela:«Gure Aita zerukoa,agertu santu zeure izena,

10. etorrarazi zeure erregetza;betearazi lurrean zeure nahia,zeruan betetzen den bezala.

11. Emaguzu gaur egun honetako ogia,

12. eta barkatu gure erruen zorra,guk ere geure zorduneibarkatu diegunez gero;

13. ez utzi gu tentaldian erortzen,eta gorde gaitzazugaiztoarengandik.

14. «Izan ere, besteei beren hutsegiteak barkatzen badizkiezue, zuei ere barkatuko dizkizue zeruko Aitak;

15. baina besteei barkatzen ez badizkiezue, zuei ere ez dizkizue barkatuko zeuen hutsegiteak zeruko Aitak.

16. «Barau egitean, ez zaitezte ager kopetilun, itxurazaleek ohi duten bezala: aurpegia itsusten dute, barau egiten dutela jendeari azaltzeko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.

17. Zuk, ordea, barau egitean, igurtzi lurrin gozoz burua eta garbitu aurpegia,

18. zure barauaz jendea ohar ez dadin, ezkutuan dagoen Aita baizik. Eta ezkutukoa ere ikusten duen zure Aitak emango dizu ordaina.

19. «Ez pilatu mundu honetan zeuen aberastasunak, sitsak eta herdoilak jaten baitituzte hemen, eta lapurrak etortzen harrapatzera.

20. Pilatu zeruan zeuen aberastasunak, han ez baititu ez sitsak, ez herdoilak jaten, ezta lapurrak harrapatzera joaten ere.

21. Zeren, zure aberastasuna non, zure bihotza han.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 6