Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 6:13-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. ez utzi gu tentaldian erortzen,eta gorde gaitzazugaiztoarengandik.

14. «Izan ere, besteei beren hutsegiteak barkatzen badizkiezue, zuei ere barkatuko dizkizue zeruko Aitak;

15. baina besteei barkatzen ez badizkiezue, zuei ere ez dizkizue barkatuko zeuen hutsegiteak zeruko Aitak.

16. «Barau egitean, ez zaitezte ager kopetilun, itxurazaleek ohi duten bezala: aurpegia itsusten dute, barau egiten dutela jendeari azaltzeko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.

17. Zuk, ordea, barau egitean, igurtzi lurrin gozoz burua eta garbitu aurpegia,

18. zure barauaz jendea ohar ez dadin, ezkutuan dagoen Aita baizik. Eta ezkutukoa ere ikusten duen zure Aitak emango dizu ordaina.

19. «Ez pilatu mundu honetan zeuen aberastasunak, sitsak eta herdoilak jaten baitituzte hemen, eta lapurrak etortzen harrapatzera.

20. Pilatu zeruan zeuen aberastasunak, han ez baititu ez sitsak, ez herdoilak jaten, ezta lapurrak harrapatzera joaten ere.

21. Zeren, zure aberastasuna non, zure bihotza han.

22. «Begia da gorputzari argi egiten dion kriseilua. Begia onik baduzu, zure gorputz osoa argitan ibiliko da.

23. Begia gaixo baduzu, ordea, zure gorputz osoa ilunpetan ibiliko da. Beraz, zeure barruan argi behar lukeena iluna bada, a zer ilunpea zurea!

24. «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.

25. «Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago?

26. Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek?

Irakurri kapitulu osoa Mateo 6