Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 27:49-64 Elizen Arteko Biblia (EAB)

49. Besteek, ordea, zioten: «Egon, ea datorkion Elias salbatzera!»

50. Baina Jesusek, berriro deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.

51. Eta horra, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik beheraino; lurrikara izan zen eta harkaitzak zartatu egin ziren;

52. hilobiak zabaldu eta hilik zeuden santu asko piztu egin ziren:

53. hilobietatik irten eta, Jesus piztu ondoren, hiri santuan sartu ziren eta jende askori agertu zitzaizkion.

54. Lurrikara eta gertakari guztiok ikustean, erromatar ehuntariak eta harekin Jesus zaintzen zeuden besteek, beldurrak jota, esan zuten: «Zinez, Jainkoaren Semea zen hau!»

55. Baziren han emakume asko ere, urrutitik begira; Jesusi jarraituz Galileatik etorriak ziren, beraren zerbitzari;

56. haien artean, Magdalako Maria, Santiago eta Joseren ama Maria, eta Zebedeoren semeen ama.

57. Ilunabarrean, Jose zeritzan Arimateako gizon aberats bat etorri zen, Jesusen ikaslea.

58. Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu zion. Pilatok emateko agindu zuen.

59. Josek, gorpua harturik, izara garbi batean bildu zuen

60. eta haitzean zulaturiko hilobi berri batean ezarri. Gero, harri handi bat irauliz, hilobiko sarrera itxi eta joan egin zen.

61. Magdalako Maria eta beste Maria hilobi aurrean eserita zeuden.

62. Biharamuna larunbata zen. Apaizburuak eta fariseuak Pilatogana bildu ziren elkarrekin,

63. eta esan zioten:—Jauna, gogoratu dugu engainatzaile horrek, artean bizi zelarik, esan zuela: «Hiru egunen buruan piztu egingo naiz».

64. Agindu ezazu, bada, hirugarren eguna arte hilobia zaintzeko; ez dadila gerta, haren ikasleak gorpua eraman eta gero «Hildakoen artetik piztu da» herriari esanez etortzea. Azken engainu hau lehenengoa baino okerragoa izango litzateke.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 27