Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 27:46-58 Elizen Arteko Biblia (EAB)

46. Hirurak inguruan, Jesusek oihu handiz esan zuen: «Eli, Eli, lema sabaktani?» (Hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»).

47. Hau entzutean, bertan zeuden batzuek esan zuten: «Eliasi deika ari da».

48. Eta berehala, haietako batek, lasterka belaki bat hartzera joan, ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion.

49. Besteek, ordea, zioten: «Egon, ea datorkion Elias salbatzera!»

50. Baina Jesusek, berriro deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.

51. Eta horra, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik beheraino; lurrikara izan zen eta harkaitzak zartatu egin ziren;

52. hilobiak zabaldu eta hilik zeuden santu asko piztu egin ziren:

53. hilobietatik irten eta, Jesus piztu ondoren, hiri santuan sartu ziren eta jende askori agertu zitzaizkion.

54. Lurrikara eta gertakari guztiok ikustean, erromatar ehuntariak eta harekin Jesus zaintzen zeuden besteek, beldurrak jota, esan zuten: «Zinez, Jainkoaren Semea zen hau!»

55. Baziren han emakume asko ere, urrutitik begira; Jesusi jarraituz Galileatik etorriak ziren, beraren zerbitzari;

56. haien artean, Magdalako Maria, Santiago eta Joseren ama Maria, eta Zebedeoren semeen ama.

57. Ilunabarrean, Jose zeritzan Arimateako gizon aberats bat etorri zen, Jesusen ikaslea.

58. Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu zion. Pilatok emateko agindu zuen.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 27