Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 27:31-50 Elizen Arteko Biblia (EAB)

31. Nahiko iseka egin ondoren, kapa erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, gurutzean josteko eraman zuten.

32. Ateratzean, Zireneko gizon bat aurkitu zuten, Simon zeritzana, eta Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten.

33. Golgota izeneko tokira iritsi zirenean (Golgotak «Burezur» esan nahi du),

34. behazunez nahasiriko ardoa eman zioten edatera. Jesusek dastatu bai, baina ez zuen edan nahi izan.

35. Gurutzean josi ondoren, soldaduek Jesusen jantziak banatu egin zituzten zotz eginez.

36. Eta han gelditu ziren, eserita, zaintzen.

37. Buruaren gainaldean kondenaren arrazoia ipini zuten idatzita: «Hau Jesus da, juduen erregea».

38. Bi lapur gurutziltzatu zituzten Jesusekin batera, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.

39. Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eragin

40. eta esanez: «Santutegia desegin eta hiru egunetan eraikitzen omen duan horrek, Jainkoaren Semea baldin bahaiz, salba ezak heure burua! Jaits hadi gurutzetik!»

41. Era berean, apaizburu, lege-maisu eta zaharrek ere irri egiten zioten, esanez:

42. «Besteak salbatu ditik, eta bere burua ezin. Israelgo errege omen duk hori; jaits dadila orain gurutzetik, eta sinetsiko diagu berarengan.

43. Jainkoarengan jarria dik uste ona; libra dezala orain, maite baldin badu; ez zuen, bada, esaten Jainkoaren Semea zela?»

44. Orobat, berarekin gurutzean josiak zeuden lapurrek ere irain egiten zioten.

45. Eguerditik hirurak arte ilundu egin zuen lurbira osoan

46. Hirurak inguruan, Jesusek oihu handiz esan zuen: «Eli, Eli, lema sabaktani?» (Hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»).

47. Hau entzutean, bertan zeuden batzuek esan zuten: «Eliasi deika ari da».

48. Eta berehala, haietako batek, lasterka belaki bat hartzera joan, ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion.

49. Besteek, ordea, zioten: «Egon, ea datorkion Elias salbatzera!»

50. Baina Jesusek, berriro deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 27