Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 27:2-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Gero, lotuta eraman zuten eta Pilato gobernariaren eskuetara eman.

3. Judas saltzaileak, Jesus kondenatua zutela ikustean, damu izan zuen eta zilarrezko hogeita hamar txanponak apaizburu eta herriko zaharrei itzuli zizkien,

4. esanez:—Oker egin dut errugabea heriotzara emanez.Baina haiek erantzun zioten:—Eta guri zer? Hor konpon!

5. Orduan, dirua tenpluan jaurtirik, alde egin eta bere burua urkatu zuen.

6. Apaizburuek dirua jaso eta esan zuten: «Ez da zilegi diru hau tenpluko dirutegira botatzea, odoletan zikindua baita».

7. Eta elkarren artean erabaki ondoren, «Eltzegilearen soroa» erosi zuten diru harekin, kanpotarren hilerri izan zedin.

8. Horregatik, gaur egun ere «Odol-soro» deitzen zaio toki hari.

9. Honela bete zen Jeremias profetak esana: Eta hartu zituzten zilarrezko hogeita hamar txanponak; hori izan zen israeldarrek ezarri zioten salneurria.

10. Eta eltzegilearen soroa erosteko erabili zituzten, Jaunak agindu zidan bezala.

11. Jesus gobernariaren aurrean aurkeztu zuten. Gobernariak galdetu zion:—Zu al zara juduen erregea?Jesusek erantzun zion:—Zeuk diozu.

12. Apaizburuek eta zaharrek salaketa asko egiten zuten haren aurka, baina hark ez zuen ezer erantzuten.

13. Pilatok esan zion:—Ez al duzu entzuten zenbat gauza ateratzen duten zure kontra?

14. Eta ez baitzion salakuntza bati ere erantzunik eman, erabat harriturik gelditu zen gobernaria.

15. Pazko-jaiero preso bat askatu ohi zuen gobernariak, herriak nahi zuena.

16. Bazen orduan preso sonatu bat, Barrabas zeritzana.

17. Beraz, jendea bildu zenean, Pilatok galdetu zien:—Zein nahi duzue askatzea, Barrabas ala Jesus, Mesias delakoa?

Irakurri kapitulu osoa Mateo 27